Lander Arbelaitz

Nola ireki agertoki berri bat Euskal Herriko politikan?

Nola borrokatu abiadura izugarrian eta inongo konplexurik gabe, Bruselatik hasi eta gure herrietaraino ezartzen ari diren politika neoliberalak? Nola geratu herritarren txirotzea, eskubideen etengabeko murrizketak, gure bizitzen prekarizazioa eta espektakularizazioa?

Audio_placeholder

Nola ireki agertoki berri bat Euskal Herriko politikan?

Loading player...
Lander Arbelaitz
Lander Arbelaitz

EAJk, PSOEk eta PPk, etxeko eta kanpoko oligarkiekin bat eginda, disidentzia politikoa inoiz baino kontrolatuago dutela irudikatzen duten egunotan, erronka handia dute egoerarekin ados ez dauden herritarrek. Nola gerarazi denaren gainetik pasatzen ari diren arrabola pisutsua? Zer arraio egin daiteke? Legeak, poliziak, epaileak, bankuak, hedabide publiko eta pribatu nagusiak… boterearen tresna guztiak eskura dituenari aurre egitea ez da erraza. Isunek, kolpeek, estigmek, kartzelak beldurra sortzen dute, nola ez.  Lege injustuak borrokatzeagatik zigor zaitzakete, baita zure iritzia sare sozialetan argitaratzeagatik ere, edo rapeko abestiak egiteagatik, protesta baketsuak egiteagatik, kalean biltzeagatik... gaur egungo legediak boterearentzat arriskutsu izan daitekeen edozer zigortzen du... eta horrek zer esan nahi du? Lege injustuak borrokatzeari utzi behar diogula? Gure iritzia emateari? Musikariek beren burua zentsuratu behar dutela, kalean biltzeari utzi behar diogula? Noski ezetz. 

Hala ere, nola aldarrikatu errebeldia, nola biderkatu borrokarako grina hamarkada luzez sufrimentuak eta errepresioak kolpatutako herri honetan? Nola ireki agertoki berriak Euskal Herriko politikagintzan? Pistaren bat eman lezake Urkullu lehendakariak El Diario Vascon orain bi urte emandako elkarrizketa batean esan zuenak: 

“Ardurarik gabeko mugimendu sozialek Katalunia baldintzatzeak asaldatzen nau”. 

Proiektuen arteko talka beharrezkoa dela erabaki dutenen artean, borroka molde ez-biolentoen inguruko esperimentazioa etengabea izaten ari da. Izan atxiloketen aurkako herri harresiak, fabrika hutsen okupazioa, greba feministak, makro-proiektuen aurkako kanpaldiak, etxe kaleratzeen aurkako mugimendu desobedienteak, informazio kanal propioen sustatzea, injustu gisa hartzen diren legeen urraketa kolektiboak, langile borroka praktikan jartzeak, pentsio duinen aldeko mobilizazio etengabeak, erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate jendetsuak… Kalea bizirik dago ikusi nahi duenarentzat. 

Herri mugimenduek nola eman dezakete eraginkortasunean jauzi kualitatibo bat? Sistema kapitalista honetan ia denak etengabe logika bera elikatzen duen gisan, sistema neoliberalari aurre egiten ari den trintxera bakoitzak nola elika dezake elkar? Nola joan indarrak bateratzen, aliantzak egiten, agendak partekatzen, kontrapuntuak eraikitzen? Nola ulertu feminismoa, euskaltzaletasuna, ekologismoa, langile borroka eta abar luze bat ez direla “borroka sektorialak” edo ertzak, baizik eta borroken artean hierarkizaziorik onartu ezin duen proiektu komun baten oinarriak?

Izan ere, Marina Garcesek orain gutxi ARGIAn zioen gisan: “Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan”. 

Orain gutxi norabide horretan egin nahi izan du ekarpena Bizitza Da Handiena dinamikak, borroka sozialen astea aurrera eramanez. Dozenaka eta dozenaka eragile, bakoitza beretik, eredu hegemonikoari aurre kalean egiten aritu dira. Guztira 63 eragilek egin dute bat, bi oinarriren gainean:  

Borroka ez biolentoa izango zela, eta beraz, erabiliko ziren tresnak desobedientzia zibila, kolaborazio eza eta ekintza zuzena izango zirela. Eta bestetik, denak batzen dituen arerio politikoari aurre egitea, alderdi politikoetatik hasi eta hasieran aipatu ditugun boteregune horiek biltzen dituena, Euskal Erregimena gisa izendatu dute.  

Donostia erdialdean dagoen zortzi solairuko eraikin publikoa okupatuz hasi zen astean, ondorengoak elkartu ziren, eragile batzuk aipatzearren: Metroaren aurkako Satorralaia, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Donostiako gaztetxe guztiak, Askekintza, Askapena, pentsionisten asanbladak, Donostiako Asanblada Feminista, turismo ereduaren aurkako Bizilagunekin plataforma, Donostiako Piratetako Aingura eta Eskifaia kofradiak, auzo elkarte ugari, Olatukoop, Ernai, Ikasle Abertzaleak, ELA, LAB, CNT, ESK, Steilas sindikatuak... Sindikatu eta herri mugimenduak elkarren ondoan, sinergiak sortzeko prest.  

Astea amaitu zenean, balorazio zintzoa oso positiboa izan zen. Horrek esa