Amaia Zufia Erdozain

Inoren lurraldean bagara nor

Iragan den martxoaren 8an emakumeok* historiaren atal berri bat idatzi genuen. Emakumeok Planto egin genuen. Euskal Herria gelditzeko gai garela erakutsi genuen. Orain Euskal Herria eraiki eta eraldatzera goaz.

Audio_placeholder

Inoren lurraldean bagara nor

Loading player...
Amaia Zufia Talaiatik
Amaia Zufia Talaiatik

Mugimendu Feministak 40 urteetan egindako iñurri lanaren fruitua izan da. Elkarlan eta antolakuntza-sare izugarria egin dugu Euskal Herri osoko auzo, herri eta hirien artean. Saretze-lan hori, ezberdinen arteko konplizitate eta enpatia politikoan oinarritzen da, elkarlanean. Subjektu politiko anitza garelako, lidergotzak modu kolektiboan ulertzen ditugulako, eta gure arteko desorekak izendatzen ausartzen garelako ere.  Irakaspen baliagarria da hau askotariko burujabetzak eraikitze bidean.

Greba feministak bizitza izan du oinarria, ez merkatua, eta hortaz, bizitza erreproduzitzeko behar diren jardueretan hasi dugu greba. Euskal Herriko Mugimendu Feministak natura suntsitzen duen sistema heteropatriarkal, arrazista, kapitalista, kolonialista, honekiko haustura bilatzen du. Gure planteamendu politikoa ez da eliteentzako egina. Gure helburua ez da aberatsen zirkuluetan emakume gehiago egotea, baizik eta esplotatuenen alde borrokatzea. Guk bizitza erdigunean jarriko duen jendartea nahi dugu, merkatua eta instituzioak deszentratuko dituena. Honek jendarte-orden berri bat eraikitzea eskatzen du. Eta badakigu, estatu espainiarreko inboluzio demokratiko eta sozialean, ez dago bizitzerik.

Horregatik, burujabetzaren irakurketa erradikala egin dugu feministok. Prozesu indibidual eta kolektibo gisa irudikatzen dugu. Gure gorputzetatik herrira egin nahi dugu salto, bide bereizezinak direlako. Ezin dugu nazioa aldarrikatu gure bizitza alde batera utzita; eta alderantziz. Burujabe izatea gure gorputz eta harreman sexu-afektiboen jabe izatea da, osasuntsu egoteko aukera izatea, bakea kolektiboki eraikitzea, elikadura subiranoa izatea, energetikoki buruaskiak izatea, eskubide kultural eta linguistikoen jabe izatea, hezkuntza sistema propioa eta kalitatezkoa izatea, oinarrizko behar materialak asebetetzeko baldintzak izatea. Emakume, bollera, trans, migrante, gazte edo zahar gisa aske izatea da burujabetza feministontzat. Garena eta izan nahi duguna erabaki ahal izatea.

Burujabetzaren bidean, gorputza dugu gure lehenengo lurraldea, eta hortxe jokatu behar izan ditugu partida gehienak emakumeok, gure lehenengo bizilekua askatzen; zer nolako herria eraikiko dugu bestela? Erabakitzeko gai diren pertsonak behar ditugu, erabakitzeko gai den herri bat lortzeko.

Erabakitzeak egiten gaitu nor, norbanako eta herri moduan. Herria, komunitatearen antolaketa eta parte hartzearekin lotzen da. Horregatik, herritarrok ahalmen politikoa eta boterea behar ditugu. Estatu nazioaren egiturak krisian daude, ez dituzte herritarron beharrak bermatzen. Baina herriak sortzen du estatua, eta, horregatik, izan beharko luke gure behar eta desiren isla. Hortaz, gure buruengan jarri behar dugu autoritatea, ez lege edo eliteengan. Eta horrexegatik, antolatzeko dugun modua eta egitura komunak birpentsatzea dagokigu.

Eraldaketa soziala gaurdanik gauzatzeko behar dugu boterea, indar kolektibo eta herritarraz eraikia, “egun handiaren” zain geratu gabe.

Menpekotasunetik askatzeko eraiki dezagun euskal herriaren burujabetza feminista.