Medikuntza pertsonalizatua delakoak hori hobetzea posible egingo duela hitz ematen du. Teoria oso erreza dirudi: bakoitzak dituen geneen arabera botikak eta tratamendu egokiak hasieratik ezartzea. Zeren, jakin badakigu, gene batzuren arabera botika batzuk modu efizienteagoan prozesatzeko gai garela edo, guztiz kontrakoa, dosi oso altuak beharko liratekeela. Eta kasu horietan hobeto beste sendagai batekin saiatzea.
Ideia hau ez da soilik gaixotasunen tratamendura mugatzen. Halako hurbilketa elikaduran edota ariketa fisikoan ere proposatu da: dieta zure geneei egokitzea, lesioak ekidingo dituzten ariketak burutzea, etab. luze bat.
Zientzia-fikzioa ala guk biziko dugun zerbait? Bada, Estatu espainoleko osasun ministroak erkidegoetako arduradunei medikuntza pertsonalizatuari buruzko proposamen bat egingo diela iragarri du. Apirilean egingo omen duten batzarrean zirriborroa aurkeztuko ei die eta 2019ko hasierarako martxan egotea nahi du. Egia esan ez dakigu zein arloetan eta nola aplikatuko den, azken finean analisi genetiko piloa egin beharko da hau gauzatzea nahi bada; ezta zein punturaino erabilgarri egongo den eta, batez ere, sosak nondik aterako diren. Hauteskundeei begira ke soila ala benetako berrikuntza? Ikusiko dugu.
Bitartean botiken, gaixotasunen eta geneen arteko harremanak ikertzen jarraitu beharko ditugu medikuntza pertsonalizatua benetan gauzatu ahal izateko. Zeren ikerkuntzarik gabe, gure osasuna hobetzea bai dela ezinezkoa.