Ainhoa Askapena

32 urteren ostean, beste behin ere, NATO ez!

1986ko martxoaren 12an eman zion Hego Euskal Herriak ezezkoa NATOri, erreferendum batean. Pasa dira 32 urte, ordutik, baina gauzak ez dira aldatu, eta egitura politiko-militarrak bere horretan dirau.

Audio_placeholder

32 urteren ostean, beste behin ere, NATO ez!

Loading player...
ASKAPENA TALAIATIK
ASKAPENA TALAIATIK

NATO,  II. Mundu Gerraren ostean, 12 herrialderen artean sinatu zen aliantza militarra da; norbaitek beraietako edonori eraso eginez gero, elkar defendatzeko aliantza. Baina, herrialdeen arteko defentsa sare bat baino gehiago, Europako elite ekonomikoen interesak inposatzeko sare harraparia da, erasokorra, oinarri-oinarritik. Logika sinplea da: sistema kapitalistak birproduzitu beharra dauka, eta horretarako, tokian tokiko herri langileak esplotatzeaz gain, territorio sozial eta geografiko berrietara hedatu beharra dauka, lapurtzen eta etekinak areagotzen jarraitzeko. Logika horretatik abiatuta sortzen da, beraz, NATO, munduko herri langileak menpekotasun totalera kondenatuko dituen dominazio-tresna militarra.

Jugoslavia ohiaren aurkako bonbardaketetatik hasi eta Irak, Afganistan, Libia eta Siria nahiz Ukrainako erailketetaraino, Europar Batasuneko butakak odolez zikinduta daude.  Gerra horiek potentzia handien interes geoestrategiko eta geopolitikoei erantzuten die, petrolioa, baliabide energetikoak eta kokapen estrategikoak dituzten herrialdeak direlako. Eta, hemen bertan, bakean bizi omen garen Europa demokratiko bakezalean, ez dugu gerra-bibraziorik sentitzen, urrun daudela dirudi erlijioso estremisten arteko gerra basatiak. Baina, bada letra lodiz nabarmentzeko garaia: bake faltsua da, II. Mundu Gerran izan ziren errefuxiatu kopurua gainditu da, eta erantzuleak ez dira arabiar erlijioso estremistak, ezta biolentziaz erantzuten duten herritarrak ere. Bada garaia ardura nork duen eta nori egotzi behar zaion seinalatzeko. Bake faltsuari gerra deklaratzeko.

Dena den, munstroa uste baino gertuago dugu. Kontziente izan behar gara zer ondorio eta eragin dituen NATOk Euskal Herrian. Bardeak ditugu horren adibide argiena. Gerretan inplikatutako NATOkide orok erabiltzen du tiro poligonoa, eta ohikoak dira bonbardaketa probak, interbentzio egunen bezperetan. Euskal Herrian egiten diren praktika inperialistez harago, gerretan erabiltzen diren armei ere erreparatu behar diegu, gure portuetatik ateratzen baitira asko eta euskal instituzioek finantzatzen dituzten euskal enpresetan saltzen: ITP, Sener, Sapa, Gamesa... Eta ezin albo batera utzi euskal unibertsitateek duten kolaborazioa eta konplizitatea industria militarrean eta militarismoan. Ikerketa militarren egitasmoetan kolaboratu eta parte hartzeaz gain, segurtasunaren eta defentsaren inguruko jardunaldi batzuk prestatzeko eta garatzeko prestutasuna agertzera konprometitu zen Euskal Herriko Unibertsitatea.

Argi dago, beraz, NATO inoiz baino biziago dagoela, eta garrantzitsua da kontuan izatea sare ekonomiko, politiko, ideologiko eta militar konplexua duela atzean, baita Euskal Herrian ere. Horregatik da ezinbestekoa eraso inperialistak salatzea, herrialdeen burujabetza babestea eta Europar Batasuna arbuiatzea. Baina ez dugu ahaztu behar Euskal Herrian bertan ere baditugula erantzule zuzenak, eta instituzio, unibertsitate eta banku konplizeak salatu behar ditugula, horiek egiten baitute posible NATO eta mendebaldeko inperialismoaren eraso bakoitza. Eman diezaiogun beste urte batez ezezko irmoa NATOri, eta libra ditzagun herriak, gurearengandik hasita. Bardeak ere libre nahi ditugulako, eta orain.