Beraz, nire barruko oroimen euskal wikipedian sartuta gertakizun eta pertsonaia hauek aurkitzen ditu martxoan zuekin konpartitzeko. Gasteizarra izanik, ahaztu ezinezko 1976ko martxoaren hirukoa lehendabizi. Hantxe ibili ginen bilerak egiten Etxabe zumaiarrarekin eta, mobilizazioekin batera, gauzak okertzen hasi zirenen, Txuso Fernandez Navesekin Madrilera joan nintzen polizien kontrolei iskin eginez.
Urte bereko hilabetean atxilotu ninduen “Billy el niño” famatuak eta, egun desagerrarazita dagoen Caravanchel kartzelan (eskerrak Bartzelonako Modeloak eutsi diola denboraren tiraniari…), Gasteizeko istiluengatik preso zegoen Imanol Olabarriarekin hasi ginen euskarazko eskolak ematen. Bertan zegoen, enfermerian hain zuzen, aurtengo martxoan zendutako Antonio Garcia Trevijano errepublikarra, orduko “Junta democratica” eta “Plataforma democratica”batu zituena “Platajunta” izeneko oposizioaren elkartea bideratuz, berriki hildako Francoren berrogei urteko erregimena pitzatzen segitzeko funtsezkoa izan zena, baita 1978an jaio eta oraindik pairatzen dugun berrogei urteko erregimen zahar berritu hau oinarritzeko ere.
Kartzelatik irten ondoren, gaizki deitutako Amnistiarekin ustez, Egia auzora joan nintzelarik,inguruan ari zen Oxina irrati librearekin hasi nintzen kolaboratzen eta, hara, nire lehendabiziko ekarpena, martxoaren 8koa izan zen. Donostiako Egian atxilotu ninduten 1982an, martxoaren 8ko bezperan hain justu, eta, torturaz eta guztiz, hamar eguneko inkomunikazioa pasa ondoren, Caravanchelera berriro, non, Oxina irratiko lagunak aurkitu nituen. Orduan, internet ez zegoenez, irratiz emititzea ez zen ahuntzaren gaueko eztula. Epaitu nindutenean, berriz, UZEIko Filosofia hiztegia egiteko ezagutu nuen Piarres Xarriton etorri zen Entzutegi Nazionalera nire aldeko testigantza emateko. Madrilen zegoela dena lapurtu zioten. Ez dut uste berriro hara itzultzeko gogoa handiz etxeratu zenik…
Pasa den urteko martxoan, 17an, hil zitzaigun Piarres, laguna eta hizlari aparta, benetako euskal wikipedia zena, “avant la lettre”.
Aurtengo martxoan, aldiz, Xabier Rey hil zaigu Puerto III espetxean, etxetik mila kilometrora, hori gertatzea ahalbidetzen duen politika ezin esan inongo eskubiderik aintzat hartzen duenik.
Xabier eta bere anaiak ikusi nituen duela gutxi auzoko Joxemari Dorronsoro laguna bisitatzera joan nintzela.
Hauek guztiak nire Euskal Wikipedia sentimentalean izango dira betiko.