
Hori aitortu ondoren bere gela ofizialetan sartzen dira, bolada bat isilik igarotzen dute eta berriro jendaurrera irteten direnean, mezua errepikatzen dute: hiltzea ez dago ondo, beti egon da gaizki...
Benetan esaten ote dute hori? pentsatzen gelditzen naiz. Heriotza guztientzako balio ote die esaldi horrek? buruari bueltaka.
Eta halako batean enteratzen naiz Bilboko portutik toneladaka arma irtetzen dela Arabia Saudira... arma horiek jendea hiltzeko direla, pentsatzen dut, jendea hiltzen dutela. Orduan nire belarriak politiko zintzo horiengana zuzentzen dira: esango dute zerbait? Aitortuko ote dute ez dagoela ondo Bilboko portutik jendea hiltzen duten armak banatzea? Esango ote dute ez dagoela ondo gure herrian armak fabrikatzea, ondoren ez dakit nongo gerraren batean erabiliak izateko? Isiltasuna besterik ez dut jasotzen. Baina ordurako nire senak hipokresiaren tekla esnatua dauka.
Hipokrita alenak! pentsatzen dut. Gezurretan diozue hiltzea ez dagoela ondo. Hiltzea ez dago ondo baldin eta zein hiltzen den, hori da esan nahi duzuena egiazki. Hor dago aldea, hipokrita madarikatuok! Zuetarra bada, zuen interesen baitakoa hiltzen dena, zuen negozioen ingurukoa, zuen ideologiaren aldekoa... orduan da txarra hiltzea. Besteena, ezezaguna, urrutikoa hiltzen bada, orduan hitzik ez... zer egingo diogu ba... gerrak daude han eta...
Hipokresia horretan oinarrituz eraiki nahi dute agintari batzuk gure elkarbizitza. Bukatzeko Bilboko portuko armei buruzko bi jarrera kontrakoak gogoratu nahi ditut. Gogoan dut portuko langile hura armak itsasontzian kargatzera ukatu zena. Eta gogoratzen dut duela egun gutxi Bilboko arma-itsasontzi batean zintzilikatu ziren lagunak salmenta hauek salatuz. Edo larunbata honetan armen exportazioaren aurka egin zen konzentrazioa. Gizakiaren alde baikorrenak gogoratu dizkidate.
Baina izan da alderantzizko adibide bat ere, bertako portuko nagusi batena esan duenean: armak nire portuan? Hori ez da nire ardura. Ni itsasontziak eta zamak portuan ongi sartu eta ongi ateratzeaz arduratzen naiz, ontzien barruan doana ez da nire ardura.
Hipokresiaren adibide garbi bat. Injustizia galantak eta heriotza ugari estaltzen dituen hipokresia.
Ongi izan