Mikel Begoña

Badira berrogeita bost Angulema

Angulemako jaialdiaren edizio berri bat joan da. Hotza (benetako hotza) eta euri zaparraden artean zabaldu zen jaialdia ostegunean, azkenean eguraldia errukitu zen ordea, eta oskarbi eta eguzkitsu bukatu da aurtengo edizioa. Angulemak daukan ezaugarrietako bat bere neguko eguraldi gordina izaten baita. Han izan gara egun batzuetan gu ere eta urteroko edo aspaldiko lagunak agurtu ditugu, bai, stand eta erakusketa batzuk ikusi ere ikusi ditugu, komiki batzuk erosi… baina esan behar da Angulemak eskaintzen duen guztia bere osotasunean, ezin dela erraz azaldu.

Audio_placeholder

Badira berrogeita bost Angulema

Loading player...
Talaiatik Mikel Begoña
Talaiatik Mikel Begoña

Bada MAIUSKULAZ idazten den Angulemako jaialdi handi bat, eta bada minuskulaz idazten den beste bat. Angulemako txoko ezberdinetan badira ehunka mikro-jaialdi txikiagoak eta sarri gertatzen da, erakusketa  interesgarrienetarikoak sorpresaz aurkitzen dituzula edozein kale kantoiari bira egiterakoan. Adibidez, azoka egunetan publikora zabaltzen den Hergé karrikako etxe partikular batean kasualitatez ikusi genuena. Etxe horretako bigarren solairuan oraindik oso ezaguna ez den Zoé Thouron egilearen erakusketa bikaina ikusi genuen… adibide bat baino ez da, holakoak ugariak izaten dira… eta hau nire ustez da Angulemako jaialdiak daukan berezitasun aipagarri bat...

Baina erakusketa ofizial eta handiak ere izan ziran eta bereziki gozatu genuen Angulemako arkeologi museoan kokatu zuten Osamu Tezukaren erakusketarekin. Esan behar da, jatorrizko plantxez osatutako eta ondo azaldutako erakusketek, artista handi baten ibilbidea argitzen laguntzen dutela eta hala gertatu zen Mangaren aitzindari eta maisua izan den artista honekin.

Gauza bera esan dezakegu Emmanuel Guibert egilearen inguruan antolatu zen erakusketaz. Guibert Le Photographe, ospetsuaren egilea dugu eta gaur bederatzigarren artearen mendizerran gailur altuenetariko bat dela ez da, dudarik.

Hala ere, jakingo duzue mendizaleok, edertasuna neurtzeko dagoen baremo printzipala ez dela beti mendiaren altuera.