Bi galdera proposatu dituzte antolatzaileek aurtengo topaketarako: “Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza-ohituren aldaketa?”. Azken urteotan herrietako euskaltzaleen mugimenduak martxan jarritako dinamika berriek ikusmina eta ilusioa piztu eta mezu argiak utzi dituztela iruditzen zaio Martinez de Lagosi. Gainera, euskaltzaleen indarrari eta herritarren borondateari, era guztietako elkarte, entitate eta erakundeek eman beharreko urratsak gehitu behar zaizkiela nabarmendu du. Horregatik uste du eraginak norabide bat baino gehiagokoa izan behar duela: "Euskaltzaleok, norbanakoen hautu eta praktiketan eragiteaz gain, badugu erakundeen neurrietan eragitea ere".