Hasteko, Gasteizko Udalaren sormen beka lortu duten hiru gazteren proiektuak aipatu ditu: ‘Isturitzetik Etiopian Barrena’ ikuskizuna, 'Gasteizko kultura alternatiboaren story mapa' eta ‘Jainko bat’. Udako Euskal Unibertsitatearekin eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuarekin, berriz, maiatzera bitartean, hileroko saioetan banatutako ikastaroa dute martxan. 20. Korrikari ongietorri beroa emateko ere prest daude, eta munduko hizkuntza gutxituei begira segituko dute 'Hitza adina mintzo' zikloan: Patrick Carlin soziolinguistak Irlandako gaelera aurkeztuko baitu Oihanederren. Dr Sax musikaria, hizkuntza benetan arraro baten munduko hiztun bakarra, ere bertaratuko da Gastieza. Horrez gain, Mikel Markezen eskutik Ez Dok Amairuren garaira bidaiatuko dute, euskara pantaila handira ekarriko dute hiriko euskaltegiekin elkarlanean, eta 'Basker' dokumentala eta 'Gabrielle' filma bertsio originalean eta euskaraz azpititulaturik eskainiko dituzte.