Ostiral honetan, saio berezia 10. urteurrenari amaiera emateko

Aurten 10 urte bete ditu Info7 irratiak eta urte berezia izan da guretzako, ospakizun artean pasa zaigu urtea. Baina, hara, iritsi da urte amaiera eta gure urteurrenari agur errateko tenorea. Eta hala egingo dugu, guk hobekien dakigun moduan gainera: irrati saio batekin, noski! Ostiral honetan, 10:00-13:00tara.

Info7 irratiko familia osoak hartuko du parte ostiraleko saioan, eta bi orduz gure urteurrenaren nondik norako guztiak gogoratuko ditugu. Momentu ederrak bizitu baititugu: La jodederarekin mugitu ditugu aldakak, Hollywoodeko aktoreen pare jarri “Martin...jo ezak berriz” esanaz, izan gara gure lagun eta entzuleekin Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Irunen Kalegorrian Ibiltariak saioetan, eta gonbidatu ditugu ere erredakzioko lagun ohiak berriro ere mikrofono aitzinean jartzera Ezpalak elkarrizketa sortan. Eta nola ahantzi Izaro, La Chula Potra, Morau eta Tapia eta besamotzaren kontzertuak? Urte ederra izan da, dudarik gabe hamargarrena.

 

Eta 2016 urtea bera ere, berezia izan da. Gazi gozoa, gertatu ohi den moduan. Mediterraneora begira pasa dugu urtea, Sarriri aiton aurpegia jarri diogu eta Logroñoko espetxe ataria jendez gainezka ikusi dugu Arnaldo Otegiren kaleratzearekin. Angela Davisek Euskal Herria ezagutu du, eta guk bera. Utzi gaituzte Fidel Castrok, David Bowik eta Imanol Urbietak. Mieltxo Monfort uhinetako lagunak ere utzi gaitu aurten….Kale egin dute inoiz bezala inkestek, kezkatu gaitu euskal industriaren egoerak eta poztu lehen aldiz Olinpiar jokoetan euskara aditzeak….ezin da lau lerrotan dena laburbildu, baina a ze urtea amaitzear doan hau...!

Guztiak, gureak eta urteak emandakoak errepasatuko ditugu, ostiraleko irratsaioan.