Aldarrikapen giroan mendia da protagonista ekimen honetan. Ez da punta-puntako sasoiean egon beharrik baina pixka bat ibilita egotea komeni da. 7-8 orduko txangoak izango dira egun bakoitzean.
Leitzan jarri dute aurtengo abiapuntua, lehen etapan Betelurainoko bidea egingo du martxak (17 km). Bigarren etapan Zaldibian izango da helmuga (22,5 km), Seguran amaituko da hirugarrena (26 km) eta Oñatin laugarren etapa (26 km). Debagoienan izango da bosgarren etapa, Oñati eta Leintz-Gatzaga artean (25 km). Bertatik Otxandiora lehenbizi (22 km) eta Murgiara hurrengo egunean (27,5 km) egingo du martxak. Azken etapa, Murgia eta Urduña artekoa (23 km) izango da.
Hasiera puntura hurbiltzeko autobusa Bilbotik aterako da eta, Durango, Eibar eta Zarautzen geldialdia egin ondoren Donostiara helduko da. Handik, gainontzeko martxistak jaso ondoren, Leitzarako bidea hartuko du. Lotarako pilotalekuak, kiroldegiak edota eskolak erabiliko dira. Parte hartu nahi duen orok izena emateko aukera du: http://mendimartxa.eus/.