Auzoko osasun etxean mediku eta pediatra euskaldunik ez zegoela eta, hainbat auzokidek 'Osasun etxeak eta biok euskaraz' dinamika martxan jarri zutela azaldu du Nestor Estebanek. Osasun etxeko zuzendariak orain gutxi erantzun die, eta esan die betako lanpostuetarako ez dela euskara betekizunik eskatzen, eta lege aldaketak egitea Nafarroako Gobernuari dagokiola. Estebanen ustez, Nafarroako Gobernuak halakorik egiteko asmorik ez du epe motzean, gobernua osatzen duten alderdien artean ezadostasun puntua baita euskararena. UPNren garaian euskararen normalizaziorako balio ez zuen legea kritikatzetik legearen zirrikituak aztertzera pasa izana kritikatu du.