Burgira bidaia egiteko baliatu duten Panpoxa furgonetatik eman dute euren iritzia Pirritx eta Porrotx katxiporretarrek. Burgiko 'Ireki borta uskarari' festara joan dira, sudur gorriek parte hartu izan baitute Nafarroako mendialdea euskalduntzeko lan eskergan. Hala ere, Iruñeko haur eskoletan D eredua ezartzeko egon diren oztopoek kezka eragin diete pailazoei, baita ETBren emisioa galarazi izanak ere. Hizkuntza, kultura, eta ohitura txikiz osatutako puzzle koloretsu gisa irudikatzen dute mundua, hargatik, txikiek ere oztopoak gaindituz aurrera egingo duten konbentzimendu osoa dute.