Datorren urtera arte amaitu gabe egongo den arren, azken asteetan eragile ugariren babesa izan du 'Galdutako objektuak' dokumentalak. Horretan dihardu besteak beste Migel Angel Llamasek, Pituk. "Errelatoaz horrenbeste hitz egiten den honetan, oraindik asko dira egia, justizia eta erreparazioa jaso ez duten biktimak, horietako bat Mikel Zabalzaren sendia" adierazi du Pituk. Biktima guztiak aitortzeko bidean, Zabalza ez ezik, "orbaizetarra bezala milaka dira gurean torturatuak izan direnak" azpimarratu du. Ez daude "bi biktima mota, baizik eta aunitz dira" eta belaunaldi berriek horren berri izatea garrantzitsua dela iradoki du Pituk. Dokumentalean Mikelekin erlazio afektiboa zuten pertsonetatik haratago, torturaren inguruan lan egiten duten pertsonak ikusiko direla aurreratu digu. Halaber, dokumentala ekoizteko herritarren finantziazio kanpaina jarri dute martxan: crowfoundinga.