Ez Dok Amairuko urteak bere urterik onenak izan zirela aitortu digu Joxe Mari Iriondok. Lurdes Iriondok eskatu zion bilera bat egiteko eta hala elkartu ziren Joxean Artzerekin batera gaurko egunez duela 50 urte Zarautzen. Hortik sortuko zen taldea. Ez Dok Amairu izena Jorge Oteizak jarria dela esan izan bada ere Iriondok kontatu digu Oteizaren onarpena bai baina Artzek proposatua izan zela, eta ideia, Iriondoren liburutegitik hartutako Azkueren "Euskal Herriaren jakintza" liburuko Martintxo Errementeri ipuinetik hartua dela. Garaiko giro politikoan ETA erakundetik edota sindikatuetatik jasotako kritikez ere aritu zaigu, "txoriei eta zuhaitzei bakarrik kantatzea leporatzen ziguten". Edozein kasutan, politikan mailari eusten eta oreka mantentzen jakin zuela taldeak uste du Iriondok. Musikan bezala, mezuan eta estetikan modernitatea ekarri zuela mugimenduak eta profesionaltasunari begira ere jarri zirela adierazi digu.