Nerea Segura
L(R)esaka

Iritsi da uda Euskal Herrira! Eta bero-boladarekin batera herriko jaiak datoz: San Joan suak, San Pedro —nire herrikoak—, Jazzaldiak, Maddalenak, San Ferminak, Karmengo jaiak, Saninaziyuek, Xanistebanak, gazte festak, Andra Mariak, Aste Nagusiak… parrandan ikasturte berria iritsi arte!

Loading player...
30/06/2017 11:28

Ezer baino lehen, «alkohol kontsumo arduratsuaz gozatu». Arduratsua? Adituen arabera, pertsona heldu eta osasuntsu batek, osasunerako arrisku mugak gainditu gabe egindako kontsumoa da. Edateak ohitura sozialtzat dugun heinean, hain sustraituta eta onartuta dagoenean; ez dut besterik esan behar: hainbeste edateari utzi! Toxikoa da-eta. Baina askok jaramonik egingo ez didazuenez, aholku batzuk emango dizkizuet ajeak jasateko.

Euskal jaiak, musika bestak… hainbesteko juerga ondorioak ditu: ajea, buruko mina, nekea, tripako mina edota goragalea. Diodanaz inork ez du zalantzarik. Etanolak, trago bakoitzean, batetik kupeleko mukosa narritzen du eta bestetik, gorputzeko ura eta bitaminak sahutzen ditu. Uraren beharra du metabolizatzeko, baina gehiegi irensteagatik ez da lehenago lausotuko.

Gehiegikeriari aurre egiteko, aldez aurretik, sabela hutsik ez edan. Urdaila babesteko koipe apur bat balioko du; eta eguna edo gauaren energia beharrak asetzeko, karbohidratoak (integralak). Aukeran: plater bat kuskus, arroza, pasta edo ogitartekoa. Bazkari- edo afari-herrikoiak aprobetxatu tripa-handia ondo betetzeko. Horrekin lortuko duzu alkohola aldapan gora, pausorik pauso xurgatzea, hau da, odolera mantsoago iristea.

Bestalde, zentzuz jotaku: edabeak ez nahastu, jada konbinatuak nahiko irabiatuta datoz; burbuiladun freskagarriak saihestu, efektua (barrera hematoenzefalikoa zeharkatzea) azkartzen dutelako; trago laburrak eman eta astiro hartu; izotz ugari jarriozu (txikituta); tartekatu alkoholgabeko edariekin (ura, zukuak…); eta zurrutari neurriz eman —burua ez galdu!—. Ondo aukeratu, dakizunez hartzidunak (garagardo, sagardo, ardoa…) destilatuak (gin, ron, whiskia…) baino alkohol-konzentrazio gutxiago dute; beharbada ez dakizuna kolorea ere axola duela! Itxura ilunekoak deskonposaketan kongenereak edo substantzia pozoitsu gehiago sortzen dituzte. Ah! Eta kontuan har ezazu eguzkitara edatea eta hezetasun altua denean, arriskutsuagoa dela: deshidratazioa areagotzen du. Ondorioa? Buruko mina eta aldapan behera, auzorik auzo…

Ibuprofeno goizetan behar al duzu? Ze esatek! Biharamuna eramangarria izan dadin, dutxa hartu (bero-hotz, bero-hotz, zirkulazioa arintzeko) eta ondo gosaldu. Kaferik ez! Egia da nekea kentzeko balio duela, baina buruko mina luzatuko dizu. Gogoan izan, inportanteena hidratatzea dela eta bizkorgarriak (kafeina, teina, guarana…) kontrako efektua lortzen dute. Ura ez da nahikoa, galdutako mineralak ere berreskuratu behar dituzu; beraz, zukuak, granizatuak, gazpatxoa edo edari isotonikoak aukeratu. Mokadu gatzdunak ere balio dute, baino arinak: koipea murriztu eta gutxi ondutakoak; esaterako: ogi integrala txigortua, onddo nahaskia eta angurri zati bat, berpiztuko zaitu!

Ah! Ahaztu baino lehen, neskei lehenago eragiten gaitu (astirogo metabolizatzen dugu-eta). Eta jaietan, zer? Beldur barik: #EzDaEzetz Go!azen festa hastera (ar)doa!

 

INFOS ASSOCIÉES