Mikel Fernandez Minguez | Barakaldo

Laguntasuna

Orain urte batzuk Gure Esku Dago (Euskal Herrian erreferendum bat bultzatzen duen plataforma) mugimenduko ekimen batean, lagun saharar batek esan zidan: «Mikel, asko eskertzen dugu eta, gainera, ezinbestekoa da baina ez dut ulertzen zuen laguntzaren zergatia, zergatik zaudeten buru belarri kolaboratzen nire herriarekin, gure borrokarekin, alegia». «Egin behar dudana egiten dut» erantzun nion nik eta segidan argudioak eman nizkion... Zure etxean, uda pasatzeko, haur sahararrak hartzen dituzunean familia horiekin sortzen diren harremanak oso indartsuak dira. Ibilbide polit honetan hurrengo urratsa da bisitatzea haur horiek errefuxiatu kanpalekuetan, basamortu babesgabea, hain zuzen. Batetik, han bizi diren jolasten diren eta ikasten duten lekua bisitatzen duzu eta,bestetik, haurren senideekiko amaiezin elkarrizketak konpartitzen dituzu te hartzen duzun bitartean. Hots, deus ez den basamortuan elkarrekiko ikasketa da nagusi. Behin pauso hori emanda, harreman pertsonalak apurtezinak bihurtzen dira, ez dago atzerapausorik. Izan ere, laguntasuna hitza letra larriz azaltzen da eta laguntasunak eta oroitzapenak laguntzera (edo behinik behin saiatzera) bultzatzen gaituzte. Gurean udak pasatu dituzten haurrak hazi dira eta orain fronten daude, guda batean, hain zuzen ere. Euren zainetan gutizia, negozio eta eskubideen zapalkuntza daramaten eragile batzuek (Maroko, Espainia, Frantzia, besteak beste) sustatutako guda bat da, oligarkia goraipatzen duten eragileak, azken finean. Ez dakit zein norabide hartuko duen gatazkak; amets gaiztoa ahalik eta lasterren bukatuko ahal da, baina, argi daukat laguntasunari eta pertsonen arteko harremanei eusten jarraituko dudala. Besarkada bero bat, Chej.

Bilatu