Aratz Urruzmendi | Igeldoko Herri Kontseiluaren izenean

Errespetua naturari, herritarrei… Igeldori!

Ez dira garai errazak inorentzat. Pandemia global baten erdian gaude eta honek sekulako eragina du guztiongan. Ez dago ukatzerik pandemia beldurra, ziurgabetasuna, noraeza, antsietatea, haserrea… eragiten ari dela. Guk ere kezkaz bizi dugu gertatzen ari den guztia.

Badira asteak salbuespenak kenduta gure udalerrietatik atera ezin garela eta mugitzeko aukera mugatua dugula. Egoera honetan, Igeldo inguruko natura-gune nagusietakoa denez, herritar asko eta asko dira bereziki asteburuetan gure herrira gerturatzen ari direnak.

Ez gaude honen aurka, baina kontuan hartu behar dugu pilatzen ari den jende-oldeak eta honek eragiten duen guztiak (oinezkoen pilaketak, trafiko handia…) Igeldok hain berezkoa duen herri bizitzan (lasaitasuna, nekazal ingurua, herri txikia…) eragin handia duela. Ez hori bakarrik, pandemiari aurre egiteko komunitatea babestu eta zaintzeko hautua egin dugun honetan, jende pilaketa handiak egotea osasun ikuspegi batetik ere ez da komenigarria. Asteburutan elkartzen den jendetzak egun arruntetan elkartzen dena hirukoiztu edo laukoiztu dezake.

Gainera, azken asteetan ingurunean kalteak pairatu behar izan ditugu: zelaiak kaltetuta, zaborra edonon barreiatuta… jakin badakigu gutxi batzuk direla horrelako jarrerak dituztenak, herriari (eta ez guri bakarrik, planeta berari ere) kalte handia egiten diote ordea. Jendeari zentzuz jokatzeko eta gure ingurunea eta herritarrak errespetatzeko eskatzen diogu.

Herritik Kanpinera bitarte doan zatian sortzen den arrisku egoera ere salatu nahi dugu. Urteak dira eremu horretan espaloia jartzea eskatzen ari garela. Udalak behin eta berriz eskariari entzungor egin izan dio. Esan bezala, asteburuetan jende pilaketa handiak sortzen ari dira eta eremu honetan espaloirik ez dagoenez, arrisku uneak biderkatzen ari dira. .

Amaitzeko, berriz ere ardura eta zentzuz jokatzeko deia egiten dugu. Ez dugu Igeldo parke tematiko bat bihurtzerik nahi. Berekoikeria eta lehiaren aurrean bestelako baloreak erdigunean jartzeko unea da.

Pertsonak eta natura behar bezala zaintzeko uneak. Norabide honetan, errespetua eskatzen dugu gure natur-inguruneari, herritarrei… eta finean Igeldori!

Bilatu