Hamairu urteotan egindakoa balioan jarriz eta eskertuz esango dugu «agur»

Egia auzoko Plazaundin elkartu gara gaur Info7 irratiko langile eta langile ohiak itxiera dela eta abiatuko dugun programazio berezia aurkezteko. Orain bi aste iragarri genuen Info7 Irratia bere seinalea etetera doala irrati proiektu berri bat martxan jartzeko. Abenduaren 15ean, larunbata, eskainiko du azken saioa, eta irratiko partaide izan diren guztiekin festa giroan agurtu nahiko genuke.  Azken emisioaren aurretik ,baina, gogoratuko ditugu 13 urte hauetan  irratian egindako saioak eta baita momentu onenak ere, eta solasaldi horiek #Info7AgurBira-ri emango diote paso azaroaren 30an. 

Info7 irratiko lan-taldea, agerraldian. (FOKU)
Info7 irratiko lan-taldea, agerraldian. (FOKU)

Pozgarria da hainbeste lagunen babes eta ekarpenarekin irratia egitea. Hilabetero beren ekarpen ekonomikoa egin duten 2.000 bazkidez gain, ehunka kolaboratzailek jantzi dute urte hauetako Info7 irratiko programazioa; dela musika saioak egiten, dela bestelako saio tematikoak eginez, iritzia emanez, edota bakoitzaren jakintza eremutik irratia edukiz betez. Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu eta baita elkarrekin agurtu ere  proiektu herritar hau. 

Info7 Irratiaren itxierarako prestatu dugun programazio bereziak bi helburu ditu nagusiki. Batetik, hamairu urte hauetan Info7k egin duen ekarpena agerian jartzea. Eta bestetik, urte hauetan irratian parte hartu duen jendea elkartu, eta elkarrekin itxiera polit bat ematea.

Urriaren 29an, astelehenean, abiatuko da itxierako programazio berezia.

Kalegorrian saioan, goizeko magazinean, solasaldi bereziak egingo ditugu goizeko 10:00etan irratiko langile eta irratsaioetako gidariekin, eta bertan, urte hauetako irratiko momentu esanguratsuenak ekarriko ditugu gogora. Astelehenean gurekin izango dira Antton Basurko, irratiko sorrerako musika arduraduna, eta sorreratik musika saioak egin dituzten Andoni Tolosa (“Hegoaldeko Ostatua”) eta Jon Eskisabel (“Katuk Morun”). Irratia eta musikagintzaren inguruan gogoeta ere egingo dugu hiruekin batera. Izan ere, Info7 irratia bere sorreratik informazioan eta musikan espezializatutako irratia izan da, eta musikaren aldeko apostu berezia egin du urte hauetan guztietan. 

Info7 irratariaren itxierak webgune berezia izango du, eta bertan aurkituko dituzue eduki guztiak, azaroan zehar egingo ditugun solasaldi horietan berreskuratutako audioekin osatuko dugun “Info7ko perlak” atala, esaterako. Bertan, urte hauetako Info7ko audio esanguratsuenak entzun ahal izango dira. Horrezgainera, berreskuratutako elkarrizketa eta saio horiek berriro emitituko ditugu solasaldiak egingo diren egunetan; 15:00etan eta 21:00etan. 

Solasaldi horiek Agur Bira-ri emango diote paso. Azaroaren 30en hasi eta abenduaren 15ean amaituko den Agur Birak Euskal Herriko txoko hainbatetan egingo du geldialdia. Euskal Herriko historian urte hauetan esanguratsuak izan diren lekuak eta pertsonak bisitatuko ditu, baita irratiko lagunak ere. Esaterako, azaroaren 30ean lehen geldialdia Itziarren egingo du, eta bertan Joxe Landa eguraldi gizona bisitatuko dugu. Info7 irratian, hasi eta buka, astelehenetik ostiralera, egunero eman digu eguraldiaren berri. Horrez gainera, Euskal Herriko bertso txapelketa zuzenean ematen hasi gineneko urteak gogoratuko ditugu BECen, aldaketa politikoa aztertu eta San Ferminetako momentikoak errepasatuko ditugu Iruñean, herri-harresietan egindako zuzeneko kontakizuna oroituko dugu Ondarrun edota ETAren amaiera gogora ekarriko dugu Luhuso eta Baionan egingo ditugun geldialdietan. Arrosa sareko irratietako lagunak ere bisitatuko ditugu baita herriz-herri lagundu diguten hainbat pertsona ere. 

 Agur Bira abenduaren 15ean amaituko da Urruñan, bertan egingo dugun azken saioarekin. Goizeko 09:00etan hasita eguerdirarte irratsaio berezia egingo dugu. Elkarrizketa akustikoak, bertsoak, umorea...denetariko tarteak izango dira eta jana eta edana ere ez da faltako. Bertara gonbidatu nahi ditugu Info7 irratiko langileak, bazkideak, kolaboratzaileak, herrietako lagunak zein entzuleak. Guztien artean eta festa giroan ixilduko dugu Info7 irratia. 

Azken saio honetako xehetasunak, halere, aurrerago emango ditugu.