Lezo Urreiztieta, kontrabandista eta ekintzaile abertzalea

Lezo Urreiztieta herriarekin konprometitutako pertsona izan zela esan dezakegu. Bere bizitza osoan zehar, sinestezinak diren istorioak bizitu zituen Urreiztietak. Joseba Aurkenerenak bazuen bere berri. Ordea, bere alaba Miren Urreiztieta ezagutu eta bere aitari buruz Martin Ugaldek idatzitako liburuaren kopia bat eman zion. Lezoren bizitzaren pasarte batzuk ekarri ditu Aurkenerenak.

Loading player...
|2018/10/10 15:22
046577_0001
Lezo Urreiztieta eskuinean (arg: Memoria Digital Vasca)

Irakurriz eta entzunez ezagutzen nituen gizon honek 1936ko gerran egindako balentriak. Banekien bera izan zela, espainiar faxistek Bilboko portuari jarritako blokeoa, behin eta berriz, hautsiz, euskaldunek erasoei aurre egiteko horren beharrezkoak zituzten armak ekarri zituena; baina horretaz gain, ezer gehiago ez. Duela bospasei urte, kasualitateak jarri gintuen afalkide Miarritzeko euskal giroko afari batean Miren Urreiztieta alaba eta biok. Orduz geroztik, adiskidetasun handiak bildu gaitu. Hizketan hasi, eta ezinbestean, Lezoren egindakoak azaldu ziren bion ezpainetara. Informazio gehiago eskatu nion eta orduan Martin Ugaldek bere aitaz idatzitako liburua aipatu zidan. Nik liburu hori bazenik ezagutzen nuen, baina dendetan aspaldian agortua zela ere. Hurrengo urteko afari horretan, berriz bildu ginen, baina oraingoan, Mirenek aitaren liburuaren fotokopia ekarri zidan. Bihotzez eskertu nion, aspaldiko nahikaria bainuen Lezoz gehiago jakitea. Eta, preseski, liburu horretan oinarriturik, idatzi dut oraingo artikulua.

Lezo Urreiztietaren nondik norakoak.-

Lezo Urreiztieta Rekalde Santurtzin jaio zen 1907. urtean. Joakin aita Bergaratik Santurtzira itsas langile moduan joandakoa zuen eta Eulalia ama, berriz, santurtziarra, Fontuoso baserriko alaba. Aita biziki abertzalea zen, Sabino Arana Goiriren jarraitzaile sutsua, eta horregatik euskal izenak erabiliz bataiatu zituzten euren zortzi seme-alabak: Joakin, Lezo, Arantzazu, Iñaki, Itziar –gizonezkoa--, Joseba, Miren eta Gaizka. Lezo seme-alabetan bigarrena zen.

Lezo ez omen zen oso ona ikasketetan, eta horregatik, aitak, oporretan eta zigor moduan, itsasontzian eramaten zuen berarekin. Hori izan zen Lezoren egiazko eskola. 1925ean aitak istripu bat izan zuen  Bristolen zegoela eta orduz geroztik elbarri geratu zen etxean. Zortzi urte geroago, hau da, 1933an, hil zen. Lezo geratu zen etxeko buru, ordurako Joakin anaia hila baitzen. Gazte-gaztetik, aitarekin ontzian, ibiltzen zen garaietatik, eta aitak deus jakin gabe, kontrabandoan ibilia zen. Horri esker, bere familia aurrera atera ahal izan zuen. Hasieran besteen ontzietan aritu zen itsasgizon moduan, baina gero, bere kontura jarri zen. Gehien erabilitako ontziak hauek izan ziren: Matxino, Carmen de Amorebieta, Concarnot --Bretainiako hondar artean baratu zitzaiona--, Otzarri eta Oskarbi.

Gazte zela, Santurtziko EAJ-ko batzarrean sartu zen eta baita herriko ELA sindikatuan ere. Aberria zen, familiarekin batera, bere lehentasunetako bat, eta horrela izan zen bere azken hatsa eman zuen arte. Bera izan zen Santurtziko batzokia sortu zuenetako bat. EAJ bitan banatu zenean, Aberri-koa izan zen. 1934ko Urriko Iraultza izan zenean, greba orokor hartan parte hartutako militante sozialista asko kartzelara eraman zituzten. Guardia Zibilak sekulako zapalketa egin zuen eta Asturias aldean jende mordo bat hil zuten. Martin Egidazu komunistak sasian ezkutatua zeuden ezkerreko hainbat militante Lapurdira eramateko eskatu zion eta baita Lezok onartu ere. Sekulako abenturak pasatu ondoren, Carmen de Amorebieta ontzia erabiliz, 826 gizon atera zituen hainbat alditan.

1935. urtean, gerraren usaina nonahi suma zitekeen. Karlistek, monarkikoek eta CEDA-ko eskuindarrek, Josetxu Renobales jeltzalea erabiliz, Lezorengana jo zuten Europatik Bilbora armak ekar zitzan. Lezok, susmo txarra harturik, horren berri eman zien EAJ-ko Euzkadi Buru Batzarrekoei eta baita Prieto buruzagi sozialistari ere.

Borroka sindikala itsasgintzan.-

Lehen aipatu bezala, Lezo, gazte-gaztetik, ELA sindikatukoa izan zen. Garai hartan, Santurtziko portu eta kaietan, itsasgintzako jardueretan zebiltzan marinel euskaldun gehien-gehienak abertzaleak eta ELA-ko afiliatuak ziren. 1936an, UGT-koek eta CNT-koek sekulako kanpaina antolatu zuten ELA-ren aurka, burgesa zelakoan. Itsasontzi batean ELA-ko afiliatu bat baldin bazen, ez zuten ontziaren merkantzia porturatzen, eta hori estatu espainiarreko edozein portutan. Kalapita handiak izan ziren, baita zaurituak eta hildakoak ere.

Gauza konpontzen ez zela eta, Lezok hamabi mendigoizale armatu zituen metrailadorez eta Bilboko portuan zen itsasontzi baten aurka ari zirenak mehatxatu ondoren, baita batzar batean bilduta zeuden CNT-ko  militanteak kikildu ondoren ere, ELA-koen aurkako boikota geldiarazi zuen.

1936ko uztailaren 17an, Karmengo jaiak ziren, eta Manu Robles- Arangizekin Santurtzin zela entzun zuten hau eta hori gertatzen ari zela hemen eta han. Manu Robles diputatua zen Madrilen, eta 18an, Madrilera joatekoa zen. Lezok, bada ezpada ere, Madrilera ez joateko aholkua eman zion, baina Manuk joan beharra zeukala erantzun. Hurrengo egunean, uztailaren 18an, faxistak Afrikan altxatu ziren.

Gerra, Bilboko portuaren blokatzea eta Urreiztietaren ibilerak.-

Altxamenduak berehala irabazi zuen Nafarroan eta Araban. Molaren tropek Nafarroa odoleztu eta sarraskitu ondoren, Gipuzkoa aldera jo zuten. Lezo, garai hartan Eli Gallastegirekin batera, Jagi-Jagi mugimenduan zebilen. Hauen ustez, gerra hura espainiarren arteko kontua zen. Euskaldunek ez zuten parte hartu behar ez baten eta ez bestearen alde. Espainiarrei beraien artean borrokatzen utzi behar zitzaien eta gero, egoeraz baliatuz, independentzia aldarrikatu. Lezok hori uste zuen.

Gero, Gipuzkoatik lehen iheslariak Bilbora iritsi zirenean, iritziz aldatu zuen, eta borrokatu beharra garbi ikusi zuen. Bilboko miñoien buru zen Kasiano Gerrika-Etxeberriarekin eta Etxebarria Novoa gobernadorearekin mintzatu zen, eta hauen eskariz, armak ekartzeari ekin zion. Irailaren 24an, 60.000 fusil, 60.000.000 kartutxo eta esku-bonba sartu zituen. Eusko Jaurlaritza oraindik eratu gabe zegoenez gero, Errepublikaren gobernuari eman zizkion, baina baldintza batekin: 17.000 fusil eta zegokien munizioa Euskadiren defentsarako ziren.

Eusko Jaurlaritza sortu zenean, Jose Antonio Agirre berak eskatu zion armak ekartzeko. Osora hamalau aldiz burlatu zuen espainiar faxistek Bilboko portuari jarritako blokeoa eta armak eta elikagaiak sartu zituen Bizkaiko hiriburuan. Bigarren bidaian Poloniatik kainoi eta metrailadore txekiarrak ekarri zituen. Eusko Jaurlaritzak Matxitxakon eta Punta Galean ezarri zituen eta horiei esker lortu zuten, faxistak Bilbon sartu ziren arte, Cervera eta beste ontzi faxistak kostaldetik urrun mantentzea. Oso bidaia zaila izan zen, faxistek portuaren sarrera minez josita baitzeukaten, baina bere senari jarraituz eta normalean erabiltzen ez ziren bideak erabiliz, Bilboraino sartzea lortu zuen. Osora hamazazpi itsasontzi izan ziren armez lepo Bilbo blokatura sartu zituenak.

Bilbo erori aurretik, Lezok bere ama eta familia --ordurako ezkonduta eta bi seme-alabekin baitzen-- Bizkaitik atera zituen eta Bretainian erosia zuen etxe handi batera eraman. Lezok ezin zuen gerraren galera onartu, eta Bartzelonara joan zen han ziren lehendakariarekin eta gudariekin batera egotera. Bartzelona erortzean, Donibane Lohizunera hurbildu zen bere familiarekin, eta 1940ko ekainaren 24an, San Joan eguna, armada alemaniarra Donibanen sartu zenean, Lezo bertan zen.

Urreiztietaren beste hainbat ekintza eta zenbait proiektu.-

1921ean, Abd El-Krim espainiarren aurka altxatu zen eta Annual-eko gatazkan sekulako garaipena lortu zuen. 1925ean frantsesen menpeko Maroko lurraldean sartu zen frantsesak bertatik igorri nahian. Orduan frantsesak eta espainiarrak elkartu ziren eta azkenean, Abd-EL Krim errenditu behar izan zuen frantsesen aitzinean. Frantsesek preso hartu eta Reunion uhartean eduki zuten gatibu 1947. urtera arte. Abd-El Krim-ek ihes egin zuen eta Egiptok eman zion babesa. Bertatik jarraitu zuen bere herriaren askatasunaren alde borrokatuz, 1963. urtean hil zen arte.

Reunion uhartean preso zutela, Lezo Urreiztietak plan bat prestatu zuen Abd-El Krim askatzeko. Euskal abertzaleek miresten zuten espainiarren aurka gidatu zuen borrokagatik. Azkenean, bertan behera utzi behar izan zuen, Etiopiako Hailé Selassié I.ak laguntza eskatu baitzion, bere herrian sartu berriak ziren italiarren aurka egiteko. Armak behar zituztelakoan, Pariseko Abisiniako enbaxadorearekin bildu zen, baina hauek boluntarioak, hegazkinak eta pilotuak behar zituzten. Ezin izan zien lagundu.

Bilbo erori zenean, Bartzelonara joan zen Agirre lehendakariarekin eta Prietorekin --garai hartan Espainiako Errepublikaren ontziteria eta hegazkineriako ministroa zena-- hitz egitera. Bilbo askatzeko plan zehatza aurkeztu zuen. Hobeto prestatzeko, faxisten menpeko Bilbora sartu zen eta han ibili zen faxistek ezarritako defentsak miatzen, baina norbaitek ezagutu omen zuen, eta ihesari ekin behar izan zion. Ordurako konturatua zen bere plana burutu ezina zela.

Baina Lezo ez zen besoak gurutzatuta eta begira gelditzen zen horietakoa. Lezo bihotz handiko ekintzailea zen eta egoera berrian ere, bizitza arriskatu zuen, behin eta berriz, batzuk eta besteak laguntzeko. Bigarren Gerla Handian ere arma kontrabandoan ibili zen, amerikarrentzat, gehien bat. 1948an, Asturiasko mendietan gordeta zeuden makiekin kontaktatu eta bere itsasontzian Bordelera eraman zituen. Denboraldi batez,  Mexikon izan zen beste errefuxiatu euskaldunekin batera. Bertan bururatu zitzaion beste proiektu harrigarri bat. Uharte bat lortu nahi zuen Mexikoko gobernuaren aldetik, Euzkadi Berria bertan sortzeko. Mexiko-ko Cardenas lehendakariarekin bilera bat eduki zuen arren, azkenean proiektu hau ere, bertan behera utzi behar izan zuen.

Lezo bi aldiz ezkondu zen. Lehen aldian emakume bizkaitar batekin eta zortzi seme-alaba eduki zituen, eta banatu ondoren, Lapurdiko emakume batekin, honekin lau seme-alaba gehiago eduki zituelarik. Azken emaztearekin Donibane Lohizunen eta Baionan bizi izan zen. 1981ko maiatzaren 9an, 74 urte zituela, azken hatsa eman zuen Baionako ospitale batean. Hortxe bukatu zen betiko Euskal Herriaren alde bizitza osoa eman zuen ekintzaile abertzale handiaren etengabeko abentura.

 

 
Loading player...
Loading player...


Altsasuko gazteen kasuak zauri sakona eragin du euskal jendartean eta Info7 Irratian injustizia honen gertuko jarraipena egin dugu hastapenetik. Horren erakusle da guztia hasi eta hilabate eskasera Altsasun bertan egin genuen irratsaio-berezia, helburu nagusia zuen saioak. Momentuan hainbat hedabidek zabaltzen zuten Altsasuko irudi iluna ezeztatzea. Maiz hitz egin dute Altsasuko Gurasoek Info7 Irratian. Hau da, azken elkarrizketa