Oihane Mikeo

Sexua arintzeko

Papera euskarri indartsua da. Liburuak sakratu bihurtzen ditugu, haietan idatzitakoa, Jainkoen hitza: Ezin zalantzan jarri eta hiltzeraino defendatu, ejertzitoez hala behar izanez gero. Legeak idatzi eta interpretatu egiten dira. “Espetxeak gizartearen isla”. Gizartearen moralean lekurik ez duena zabortegi horietan jaurti eta... ahaztu. Justizia sistema guztiek badituzte “astungarri” deituriko zirkunstantziak. Zigor kodeetan xehetasun handiz definitzen dira alebosia, ordainsariak, berrerortzea... Izena duen guztia bada. Izendatu gabe aplikatzen dena da, ordea, min handien egiten duena, zorrozki hezurretan eta burmuinean, agerian ez dauden lekuetan, idazten digutena.

Audio_placeholder

Sexua arintzeko

Loading player...
Talaiatik Oihane Mikeo
Talaiatik Oihane Mikeo

Ezagutzen ditut gizonak eta emakumeak, gizonezko eta emakumezko poliziek atxilotu eta epaitegi bereziek zigortuak. Jendarte jakin batek arbuiatuak, ideia baten defentsan murgilduta izaki, terrorismo kontzeptua dute kondena astungarri, atxikitako zama. Errebeldeak, bahituak.

Ezagutzen ditut gizonak, gizonezko poliziek atxilotu eta epaitegi arruntetan zigortuak. Jendarte jakin batek arbuiatuak, ideia bat babesteko saiakera baten erdian izaki, sexu kontzeptua dute kondena astungarri, atxikitako zama. Perbertituak, galduak.

Idatzita ez dauden ideia beldurgarri asko defendatzen dira epaitegietan, jendarteen moralaren isla. Denak balio du jendarte jakin baten askatasunaren defentsan. Inkisizioak lehen sorgin ehiza egin zuen. Herejeen eta galduen aurka bortizki oldartuz, ez zuen inor utzi zigortzeke. Eufemismo asko idatzi da geroztik, legeak ertsi eta neurriak doitu dira. Helburua? Garbiketa. Etsaia? Zikinkeria, sepsia, purua ez dena. Gramatika zuzenduz egia gezur bilakatu da, gezurra egi. Esanahiak bahitu eta perbertitu egin dituzte, kontzeptuak ulertezin egiteraino.

Armadarik indartsuenak defendatzen duena idatziko da hurrengo liburu santuan, eta hitz hori defendatuko da hiltzeraino ere. Puritanoek hainbat bandera dituzte. Europa, Una Grande y Libre honek hainbat fronte ditu irekita, suntsitu beharreko sepsien artean betidanik egon da, dago eta egongo da sexua, zigor kodeetan idatzi gabeko astungarri.

Zientzialariek egindako galderek askotan ez dute bilatzen zuten erantzuna topatu, baina ikerketek bilatu gabe emandako erantzunek sexua hobeto ulertzen lagundu digute. Sexu-hezkuntza urria den bezain gaztea da Sexologia disziplina, baina hasi gabe kakaztuta dago eta bide astuna du aurretik. Sexologoen irakaspenei esker uler daiteke eraso bat eraso dela eta ez sexu eraso. Ze beste eraso motari jarri diogu izen eta abizena? Sexu hitzak astungarri subliminal bat izateari uzten ez dion bitartean sexua ez dugu askatasunez biziko, kaltea ez baitago sexuan, erasoan baizik. “Sexu-eraso” hitzak igorle eta hartzailearen arteko kodean ideion arteko lotura indartuko dute, zenbat eta gehiagotan entzun, orduan eta gehiago lotuko ditugu. Askatasun sexualen defentsak ibilbide garrantzitsua egin du Yogyakartaz geroztik ere. Oraindik sexuak plano abstraktuan ezagutu eta ulertu behar dira, eta plazer erotikoak plano konkretuan. Proposatzen dizudan lehen urratsa sexua bera askatzea da.