Nerea Segura
Nereasegura
Plisti-Plasta Plastiko

Karbohidrato, gantz, proteinak eta plastiko-hondakinak jaten ditugu, egunero. Plastikoaren aroan bizi gara. Materiala xaflakorra da eta pisu arinekoa, gainera, kostu baxua du. Abantailak jakinak izan dira teknologiaren iraultzan. Arazoa non dago? Arduragabeko erabileran. Elikadurari dagokionez, gehiegi erabiltzen da: erosteko poltsak, produktuen bilgarriak eta etiketak, ur-botilak, tapoiak, lastotxoak, film plastikoa… adibide gutxi batzuk dira.

Loading player...
2018/05/29 11:28

Minuturo itsasoan zabor kamioi bat husten da munduan (kopuru handia, plastikoa da). Suntsiezina izateko sortuta izan arren, polimeroak mikroplastikoetan zatikatzen dira eta bazka-sarera igarotzen dira. Plisti-plasta plastikoen artean, arrainak dira kaltedunak, arnasterakoan eta elikatzerakoan zuzenean metatzen dituztelako. Eta bueltan, guk gure hondarrak jaten ditugu. Baina hartzen duguneko gehiena, airetik gure platerara doa zuzenean: 100 partikula plater bakoitzeko eta 18 partikula ur litro bakoitzeko. Europako txorrotako uraren % 70 kutsatuta dago, baina hura saihesteko botilaratuta erostea ironikoa litzateke. Erabilera bakarreko botilak, 500 urte behar dituzte deskonposatzeko; tapoiak betirako diren bitartean. Greenpeace-datuen arabera, edukiontzietara bota arren, % 15a soilik birziklatzen da; % 45 erretzen da eta soberakoa, zabortegi eta itsasoetan bukatzen du.

Egoera honetara iritsita, zaila da aldatzen, baina ez da ezinezkoa. Nork du ardura nagusia? Ekoizleek —adarjotzea— eta jaki-enpresek bereiziki, bilgarri irrigarriak saihestuz; gobernuek araudiak ezarriz; baina kontsumitzaileok, ordea, zerk esana dugu: haiek ez erosiz, eta erabilitakoan, ondo berrerabiliz edo birziklatuz. Plastikozko-poltsen kontrako borrokan urteak daramagun arren, 120 unitate darabilgu urtero. Uztailaren batetik aurrera, merkatuetako zorroak ordaindu beharko dira derrigorrez; salbuespen izango dira: arinak (<50 mikra) edota birziklatutako jatorrikoak (> % 70). Hain minutu gutxi erabiltzeko sortuak direnak, 400 urte desagertzeko behar dituzte. Horrela, ez da deus aldatuko.Elikadura-ontzietako plastiko erabilera zalantzan jarri da, ere bai. Estaldura denon ahotan bukatzen du. BAT, zuzeneko kontaktuan, elikagaia ontzi barruan berotzean. BI, iraupen luzeko kontaktuan, kontserbazio epe luzea duten elikagaietan. Eta HIRU, koipetsu eta prozesatutako produktuetan; gordin eta izoztutako janarietan ez bezala. Bestalde, ontzietako jatorridun kimikoak (toxikoak) jaten ditugu: kola (lekeda), metalak, bisfenol A (BPA), ftalatoak, koloratzeko tinduak… Hala ere, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, intoxikazio zorrotzik jasatzeko arriskurik ez dago; baina epe luzerako efektuak aztertzen ari dira: minbizia, emankortasun-galera, esaterako.

Erronka proposatuko dizuet. Batetik, eraman potoak edo oihalezko poltsak pisura erosteko. Eta, bestetik, hondartza, baso edo naturaz gozatzera zoazen bakoitzean, 1, 2, 3 plastiko-hondar jaso eta edukiontzi egokian bota itzazu. Elkarte askok mugimendua zabaldu dute, eta guk ere gure aletxoa jarri nahi dugu. Argazkia gurekin zabaltzera animatzen zaitugu, ea, horrela, efektu kutsakorra —baikorra— lortzen dugun. Eman zaplastekoa plastikoari! #plastplastikoari

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK