Xabier Landabidea

Kultura eta Sormenaren Industriak hemen eta orain: ideien entsalada bat

Aste bi igaro dira Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean “Kultura eta Sormenaren Industriak hemen eta orain” mahai ingurua osatu genuenetik. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Sabin Goitia, Gerediaga elkarteko Nerea Mujika, Elkar Fundazioko Joanmari Larrarte eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ramón Zallo, ehun bat ikasleren aurrean.

Audio_placeholder

Kultura eta Sormenaren Industriak hemen eta orain: ideien entsalada bat

Loading player...
Xabier Landabidea.
Xabier Landabidea.

Halakoetan moderatzaile lana berehala bihur daiteke zigor, baina baita opari ere, eta oraingoan horixe gertatu zen, hizlari gonbidatuak labur, argi eta hurbil aritu baitziren gaiaren helduleku ezberdinei perspektiba osagarrietatik heltzen. 

Gaurkoan beraz jaso eta botatako ideien entsalada bat ekarri nahi izan dut hona, modak moda eta terminoak termino herri eta gizartearen muinean daudelako (ziurrenez sekula baino gehiago) Sormenaren eta Kulturaren industriak.  

Jokoa interesgarriagoa egiteko, baina, ez dut esango nork bota zuen zein ideia, eta zeinekin nagoen ados eta zeinekin ez. Entzulearen esku utziko dut lan hori. 

BAT 

Ez dira gauza bera Kulturaren Industriak eta Sormenaren Industriak (adibidez sormenaren Industriatzat jo daiteke, agian, euskal herriko goi gastronomia, eta Kulturaren Industriatzat itzulpen automatikoaren inguruko garapen teknologikoak). Edozelan ere, industria bezala sektoreak eta azpisektoreak hartzen dituzte haien baitan: elikadura eta fabrikaziotik hasi eta bideojokogintzara. Sektore eta azpisektore hauek oportunitate edo aukerarako espazioak eskaintzen dizkigute, XXI. mendeko bigarren hamarkada honetan. Baita kultura eta sormenaren industria politikak marrazteko eginbeharra ere. 

BI 

53 urte eta gero Durangoko Azoka kulturaren balio material eta ez materialak biltzen dituen diziplina askotako plaza bihurtu da. Kuantitatiboki eta kualitatiboki Euskal Herriko kulturaren plaza nagusia. 2017an 350 titulu berri, 200 kultur ekitaldi, 240 stand eta 110.000 bisitari kontatu ziren, baina kontatzeko zailagoak dira beste osagai batzuk: elkarlanaren aukerak eta zailtasunak, azokaren izaeraren aldaketa bera, kulturaren arnasgune funtzioa… Eta orain amildegi digitalak irekitzen zaizkigu, lantzeko ditugulako euskal kulturarako sarbide konplexuak eta espazio hibridoak.    

HIRU 

Euskal kulturan inoiz baino aberastasun handiagoa daukagu hemen eta orain. Sortzen ari gara. Baina ezagutu ezean ezin heldu. Bigarren mailako kulturaren ilusioan bizi gara, eta gure erreferente nagusiak gure albokoenak dira. Diglosia kulturalak bizi gaitu: ez ditugu gure erreferentziak. Usteek eta datuek hipotesiak eta sorpresak gordetzen dituzte. 700.000 pertsona elebidun inguruko merkatua. %60 irakurleak, baina euskaraz 10etik 1ek irakurtzen du. 150.000 lagun inguruko tamaina du gure merkatuak. Aldi berean doako kulturarren ideia daukagu. Edukiengatik ez ordaintzearen ideia hazkorra.  Baina ez badugu ordaindu nahi ze aukera du sortzaileak? Eta aro digital honetan, zergatik gaude prest gailuak ordaintzeko, baina edukiak ez?  Ikerketa sistematikoak behar ditugu.  

LAU 

Euskal Autonomia Erkidegoa ipotx kulturala da perspektiba industrialetik begiratuta. Oraindik industria eta kultura bereizten jarraitzen dugu, kontzeptuaren kontzepzio itxi batekin. Zientzialari sozial gutxi kulturaren eta sormenaren industria politikan parte hartzen. Badaude berrikuntza interesgarriak, baina herri bezala kulturan inbertitzeko aposturik egin gabe jarraitzen dugu. Familiako gastu kulturala Espainiako batez-bestekotik hurbil dago, eta erakundeen ekarpenek soilik konpentsatzen dute egoera. Herri mailako arazoa da kultura garapenerako baldintza bezala ez ulertzea. Krisiak datozenean sakrifikatzen den lehen gauza da kultura.      

Badago lau hizlariek komunean agertu duten ardura edo lehentasunik? 

Bai. Ekosistema kultural iraunkorrarena eta txikitasunarena. Nola sortu iraungo duen, iraun dezakeen sistema kultural propio bat inguruko kultura eta hizkuntzekin alderatuta hain tamaina txikia dugunean? 

Erantzunak lau modutan laburtu ditzakegu: 

Bat: bi ikuspegiak konbinatu behar ditugu, txikiarena eta handiarena. Zer dauka ona txikia izateak?  

Bi: Handia eta txikia beharrean beste irizpide bat erabili beharko genuke, kalitatearena. Txikia eta handiaz hitz egiteari utzi eta ona eta eskasa kategoriak erabitzen hasi. 

Hiru: Latinoamerikatik ikasi genezake. Produktu kulturalak inportatzeak sarri ez du funtzionatzen. Testuinguru globalean espezializatzera ausartu beharko ginateke. 

Eta Lau: Txikia izatea berez ez da txarra. Baina daukagun tamaina izanda kulturari beste zentraltasun bat eman beharko genioke Euskal Herrian.