Ane_urkiri
Gol gutxiago eta balore gehiago

Kirolariak maiz dira gaztetxoenen erreferente. Zer esanik ez futbolariak. Eta askotan ohartu gabe ere beraien jarrerak imitatzen dituzte. Ispilu dira. Baina golak egiteaz edo goleko paseak emateaz aparte gutxi dira gizartearekin inplikatuta agertzen direnak. Gutxi, kontuan izanda munduan zenbat diren gorengo mailako futbolariak. Topikoetatik irtetzean orduan pizten zaigu askori bonbila, eta asko baloratzen ditugu detaile nimiño horiek.

Loading player...
2018/04/20 09:51

Nire irudipena izan daiteke, baina 2017an argia ikusi zuen proiektu batek berresten du nire irudikapena. Common goal izenekoak, hain zuzen ere. Juan Mata futbolariak abiatu zuen, eta helburuen artean futbolari edo entrenatzaileen soldataren zati bat, %1a hain zuzen, dohaintzan ematean datza. Mata berak adierazten zuen futbol profesionala gizartearen garapeneko tresna bezala erabili behar dela, horregatik dei egin zuen bere lankideei parte hartzera.

Baloreak erakusten dituzten futbolariak ere badaude, gaitzerdi.

46 futbolarik izen eman dute. Medioetan arrakastaz mintzo dira. Baina 46 nahikoak al dira Alemania, Frantzia, Italia, Ingalaterra eta Espainiako ligan bakarrik hogeinaka daudenean milioikadak poltsikoratzen? Edo eta Estatu Batuetan indarra hartzen doan MSL ligan, edo Txinara dirua egitera doazen horiek.

Zalantza pizten du, eta are gehiago Santander Ligako jokalari bakarra agertzen denean zerrendan: Eibarko David Lomban. Aurrekontu txikienetarikoa duen talde bateko jokalaria. Non daude besteak?

Emakumeak ere azkarrago mugitu dira baloreak erakusteko garaian. Guztira 13 izen agertzen dira eta Irene Paredes eta Ainhoa Tirapu dira parte-hartzera animatu diren euskaldun bakarrak. Futbolariak eta futbolariak daudelako. Eta Common Goalek talde propio bat sortuko balu ez nuke zalantzarik egingo nori animatu. Hazten goazen heinean, golaz aparte beste mugimendu batzuk erakartzen gaituztelako.

Gol gutxiago eta balore gehiagoren alde daude horiengatik, topa egitera noa!

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK