Independentismo magikorik? Ez, eskerrik asko!

Noiz bilakatzen da ilusioa ilusionismoa? Noiz bihurtzen dira emozioak boluntarismo hutsa? Nola uztartzen dira eraldaketa eta desira? Ez da erraza bereizketa hauek egitea. Denoi gertatzen zaigu, pertsonak garelako, gure nahiak eta aurrean duguna nahastea, bestela esanda, gure desiren araberako mundua ikustea, oso bestelakoa izan arren.

Audio_placeholder

Independentismo magikorik? Ez, eskerrik asko!

Loading player...
Floren Aoiz Gakoa
Floren Aoiz Gakoa

Politikan ere, eragin handia izaten du desria beste edozerren gainean jartzeko joerak, batzuetan hautu honen ondorioak katastrofikoak direlarik. Pentsamendu magikoa da hau, borondate hutsari mundua eraldatzeko gaitasuna egokitzen diona, experientziak besterik erakusten badigu ere. 

Luzea da pentsamendu magikoaren ibilbidea, eta kasu, batzuetan ekarpen askatzailea eman du, egoera ilunenetan, zapalkuntza jasanezina bilakaturik, alternatibarik atzematen ez denean, hots, itxaropena aurrera egiteko aukera bakarra izaten delako. Edonola ere, hondamendiaren bidea da pentsamendu magikoaren menpe erortzea, aipatu egoeran nahiz beste guzietan.  

Gure garai neoliberaletan, bi mantra elkarkorapilatzen dira, elkarkontrajarriak badira ere. Pentsamendu magikoak sinestarazten dizu edozer lortzen ahal duzula indar oroz desiratuz gero. Bestalde, alternatiba eza da diskurtso hegemonikoa. Batek dakarren espejismoak bestea indartzen dituen etsipen eta zapuzketara eramaten zaitu, zartako horren zirrarari ihes egiteko desiraren mugagabeko ahalmenaren ametsera berriz ere eramanez. Bukle horretan ito nahi gaituzte, jendartearen botere harremanak, zapalkuntzak eta oinarri materialak zein aldaketa aukerak izkutaturik. Gero eta menpekotasun gehiago pairatzen ditugu, gero eta gogorragoak, baina inoiz baino askeago garela sinestarazten digute, hipermerkatuetako apalategi beteetan hautatzeko gaitasunaren ikurra bazter guzietara hedaturik, zentzu komun bilakatuta, beraz. Ideologia gisa agertzen ez den ideologia: desira sistemaren erregai. 

Komeni da, beraz, bukletik ateratzen saiatzea, logika neoliberalari aurre eginez. Mundua aldatzeko beste mundu baten desira ezinbestekoa da, baina borondateaz gain, batetik, baldintza materialak eta ideien mailako indar harremanaren ezagutza behar dugu, eta bestetik, ezinbestekoak dira aldaketarako estrategia eta eragile nahiz jarduera eraginkorrak.  

Gaur egun, neoliberalismoaren aurreko hainbat eraldaketa egitasmo arrazionalitate neoliberala irentsirik agertzen zaizkigu, hegalak mozturik. Antagonismoen gordintasuna materializatzen denean, ez duzu lehiarik irabaziko desiraz gain beste indar materialik ez baduzu.  

Gurean ere atzematen da pentsamendu magikoaren itzala. Bada, esaterako, independentzia desiraren esparruan kokatzeko tentaldia. Ez dugu gure indarrean sinesten, ez dugu ikusten independentzia ia eskuetan dugula eta beraz, gure aukerak geuk mugatzen ditugu. Hala formulatzen da askotan joera hori. Halako posizio batetik begiratuta, dena da beldurra, dena determinazio eza, dena ausardia falta, dena inmediatismoa. Halako posizio batetik ez da aurrera egiteko proposamenik mahai gainean jarri behar, desiraren aldarrikapenak beste guzia ordezkatzen du.  

Proposamenen inguruan eztabaidatzen ahal da, onena zein den edo nola uztartu aztertzeko. Baina borondatearen goraipamena ez da estrategia bat, gaur egungo egoeratik helburuen materializaziora iristeko estrategiaren beharraren ukapena baizik. Ez da baldintza materialak aldatzeko egitaraua ezta, honen eta desiraren arteko artikulaziorik ere, baldintza material eta indar korrelazioaren garrantziaren bazterketa baizik.  

Pentsamendu magikoak ahultzen gaitu, eskuak lotzen baitizkigu askatzen dizkigula irudikatuz. Desira omnipotetentearen ametsak kalte egiten digu, mundua ez baita desira hutsen bidez eraldatzen. Hautu arriskutsua da independentzia edo beste edozein erronka estrategikoren lorpena borondate hutsaren menpe kokatzea. Helburu estrategikoak estrategia egokien arabera materialitzatzen dira, ez desira hutsen bidez.