Irati Gonzalez Larena
Talaiatikiratigonzalezlarena
Borroka, bizi onez borborka!

Urte berria heldu zaigu eta horrekin batera helburu pertsonalak, proposamenak eta 365 egunetan zehar behin edo bitan baino beteko ez ditugun asmo onak: Gimnasiora joan, dieta egin, erretzeari utzi... gure bizimoduak osasuntsuago bihurtuko dituzten helburuak dira, antza. Baina, osasunaren zein kontzeptu darabilgu?

Loading player...
2018/01/16

Erretzeari uzteko, pastillak. Argaltzeko, nutrizionista. Bizimodu sedentarioari aurre egiteko, gimnasioa... Erraz uzten ditugu gure gorputzarekiko lotura eta jakintza guztiak “profesionalen” esku. Aise uzten ditugu erabaki garrantzitsu asko beste batzuen esku, daukaten titulua daukatela, geu bakarrik, ia ezer egiteko gai izango ez bagina bezala... Eta ahaztu egiten zaigu, maiz, baina, gure gorputzaren gaineko erabakiak guk geuk hartzea, gorputzon autogestio eta burujabetza, merkatutik ihes egitea da. Sistema heteropatriarkala desobeditzea da. Askatzailea eta Iraultzailea da gainera!

Eta proposamenetan sartuta, entzun al duzu inoiz urteberrirako asmoen artean, ez dakit zer egiten ausartuko naiz, denbora gehiago aterako dut niretzat, nire sentsazioei arreta handiago jarriko diet aurrerantzean... edo halakorik? Horren modernoa izanik ere, zailtasun handiaz sartzen da aspektu emozionala jendarte honen ondo bizitzearen kontzeptuan. Honek ez du-eta diru askorik uzten. Eta ikusi dugun bezala, osasuna erosi egiten da.

Bada, ordea, dirutan pobreago izateak ematen dizun abantaila bat. Bai ala bai, ordaindu ezin ditzakezun gauza horiek hobetzeko autogestioa, auto-ezagutza, trukea eta lagun-sareak bezalako estrategiak bilatzera kondenatzen zaitu egoera honek. Eta hori da niri behintzat, prekarietateak ekarri zidan altxor bakarra: irakurri, galdetzen ausartu, haritik tiratu, proba egin eta ikasiz bizi naiz orain.

Zentzu honetan, duela zertxobait hasi ginen aspektu hau eta beste batzuk balioan jartzen Bilgune Feministan eta pixkanaka ekin genion osatze feminista kolektiboen prozesuetan zehar bidaiatzeari... amestuz, elkarbanatuz, elkarri ulertuz, elkarri besarkatuz, elkarrekin negar eginez... Elkarrekin, elkarri esker eta elkarrengandik, osatzen. Hori izan dadila, bada, gure urteko asmoa! Borroka, bizi onez, borborka!

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK