Bertsozaleen gozamenerako "A8-ko Jutrukia" #BTN17-ri buruzko irrati nobela Info7 irratian

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia azken geltokira iristen ari da. Abenduaren 17an igoko dira zortzi finalistak BECeko oholtzara, eta harmailak beteko dira. Iruñeko finalaurrekoa eta gero ez da saiorik egonen finala arte. Bitarte horretan, bertsozaleak bertsoaz eta #BTN17ko giroaz gozatzen jarrai dezan, "A8-ko Jukutria" mikro irrati nobela abiatuko du Info7 irratiak. 

a8ko jukutria
a8ko jukutria

"A8-ko Jukutria" da irrati nobelaren izenburua, eta Bertsozale Elkarteko kide diren Mattin Arizmendi eta Joane Azkaine pertsonaia fiktizioen gora beherak kontatuko dira. Epailea lehena eta gai jartzailea bigarrena. Abenduaren 17a, iritsi da final handiaren eguna. Zer gertatuko litzateke A8a kolapsatuko balitz, eta BECera tenorez iristea ia-ia mirari bat balitz?

Info7 irratiak bere sorreratik apustu berezia egin du BTNrekin, eta herriz herri ibili da saio guztiak emititzen, final laurdenetatik BECeko final handiraino. Mirari Martiarena oiartzuarrak egin du aurten jarraipena Info7 irratian, eta Bertsolari Txapelketa Nagusi honi umorea jarri dio hasieratik.

Saioen zabalpenaz haratago, aurten, apustu berezi bat egin nahi izan du irratiak. Lau urtetik behin sortzen den giro berezi honetan ale bat jarri eta irratian aspalditik bultzatu nahi zen proiektu bati bide eman: irrati nobela.

Kepa Matxain, www.hirudamatxo.eus ideia faktoriako kideak, idatzi du irrati nobela, eta Ixabel Etxeberriak eta Ander Edok jarriko diote ahotsa bi protagonistei. Kapitulu bakoitzean bertso munduko parte-hartze bereziak ere izango dira. Guztira 5 kapitulu, pasarte motz eta arinak, umorez eta ironiaz, zuzenean zein zeharka, #BTN17-ak emandako momentu, bertsoaldi eta eztabaidei helduko die "A8-ko Jukutria" irrati nobelak. 

"A8-ko Jukutria" mikro irrati nobela, Apple Podcast eta Ivoox zein Info7 irratiko youtube kanalean izanen da entzugarri. www.info7.eus webgunean ere zintzilikatuko dira kapituluak.