Momentuz, ezin du. Salomonikoa dirudi egoerak: Urmeneta da marrazkion egilea, eta Kukuxumusu jabea. Bide batez, merezi du ikustea Mikelen anaia Asiskok egindako marrazki-kronika: https://twitter.com/MikelUrmeneta/status/829650854588329984
Sorkuntza, akaso gainbaloratuta dugun garaiotan, sorkuntzaren egiletzak zenbait auzi planteatzen dizkigu dantzarioi. Bereziki, esparru tradizionalean ari garenoi. Bistan denez, dantza eta, oro har, kultura herrikoia etengabeko sorkuntzari esker bizi dira. Ez ditugu ezagutzen, ordea, egin ohi ditugun dantzen egileen izenak.
Ez ditugu ezagutzen, ez dutelako jatorrizko sortzaile bakarra. Belaunaldiz belaunaldiko transmisioan egindako ekarpenekin birsortzen da dantza, Erdi Aroan eraikitzen hasi eta gaur arte zutik dirauen katedral baten moduan. Sorkuntza organikoa, baten baten esango lukeen gisan.
Egiletzaren kontua ez da kontu berria dantza tradizionalean. Zuberoan maskaradetan dantzatzen diren aintzineko puntuetan ohikoa da dantza-maisuen izenak dituzten aldairak edo urrats-konbinazioak aurkitzea. Duela mende bateko dantza-maisuek, bazuten beraz, gaur egungo marketin-ikuspegia aplikatuta, marka-irudiaren nozioa.
Beharko eduki, beren ogibidea zelako. Jornala dantzaren bitartez atera beharrak dakar norbere burua nabarmendu beharra, lanerako deitzea baita helburua. Ego artistiko edota harrokeriaz gain, apustu profesional batek zerikusi zuzena du egile norbanakoaren definizioan.
Funtsean, gaur egun hainbat dantzarik gauza bera egiten segitzen dugu. Tradizioz jasotako urrastegiekin eta musikarekin, esaldi-konbinazioak sortzen ditugu, zenbait arau edo gida jarraituta. Inprobisazioaren funtsa da hori, bertsolarien sistemaren parekoa. Baina, bertsolariek ez bezala, dantzari askok, oro har, ez dugu sistema tradizional baten gainean sortutakoaren gaineko egile kontzientziarik. Sormen kooperatiboaren eta kolaboratiboaren eredua da dantza tradizionala.
Taldearen anonimotasunean lanean ari diren sortzaile eta ikertzaile bikainak ditugu Euskal Herrian. Ez dira asko, herri txikia baita gurea. Nobela beltzetako detektibeen antzera, ezezagunak dira, nolabaiteko anti-heroiak. Arestiren poema ezaguna hartuta, herriari debalde hartutakoa, debalde ematen diote. Debalde, baina onduta, nahiz askotan merke-zurrean hartzen ditugun.
Sorkuntzak eta egiletzak kontraesanak sortzen dizkigu dantzarioi, Kukuxumusuren... barka, Urmenetaren zezenek euskaldunok ordezkatzen gaituzten planteatzeak sortzen dizkugunaren modukoak. Zorionez, egunero sortzen dugu geure burua, eta inork ezin digu horren jabetza-eskubiderik eskatu.