Fito Rodriguez

Hiritar kontsulten araudiaren alde

Behean sinatzen dugunok urte batzuen ondorioz Donostiako Hiritar Kontsulten Araudia finkatzen aritu garen herritarrak gara.  Jakina denez, aipatu araudiak, demokrazia zuzenaren praktika dela medio, udal arazoei buruz herriaren iritzia jaso ahal izateko aukera ematen du. Espainiar Gobernuaren ordezkariak Hiritar Kontsultari jarritako helegitea onartu dute eta ezin izango da kontsultarik egin.

Audio_placeholder

Hiritar kontsulten araudiaren alde

Loading player...
Talaiatik Fito Rodriguez
Talaiatik Fito Rodriguez

Gogoratu behar dugu Kontsultetarako Araudia Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuela, hau da, alderdi politiko guztien oniritzia jaso zuela.  Honek, jakina, egitear dagoen lehen herri- kontsulta (zezenketei buruzkoa) eta Donostiako Hiritar Kontsulten Araudia bera ere kolokan jartzen ditu.

Begi bistakoa da herritarron aurkako esku sartze onartezinaren aurrean gaudela. Gainera, Hiritar Kontsulten Araudia lortzeko bidean egindako prozesu eredugarriaz ere trufa besterik ez da oraingo egoera. Horretaz gain, demokrazia parte hartzailearen gauzatzea bera bertan behera geratzen da hura bideratzeko erregelamendua debekatzen denean. Beraz,  debekua salatzearekin batera  Donostiako Udal Gobernuari hau guztia gainditzeko behar diren neurriak har ditzala eta bide guztiak araka ditzala eskatzen diogu eta,  ahalik eta lasterren urratsak eman ditzala bai aurreikusita dagoen kontsulta egiteko, eta baita Araudia bera defendatzeko ere.

Denon arteko elkarlanak ekarri gaitu hona eta, ildo honetatik segituz, ez dugu ametitu nahi demokraziaren aurkako eraso hau aurrera joan dadin. Donostiako Udaleko Gobernuaren aldamenean izango gara demokraziaren defentsarako bide honetan ere.

Donostiako Udalari eskatzen diogu Kontsultarako Araudia babes dezala eta zezenketari buruzko kontsulta aurrera eraman dezala. Era berean, bat egiten dugu hurengo ostiralean, hilak 13, Alderdi Ederren, 19:00an egingo den elkarretaratzearekin.

Donostiarrok hiritar kontsulta nahi dugu!

 

Donostia, 2016ko maiatzaren 10a

 

 

Felix Arrieta, Carmen de las Cuevas, Izaskun Egia, Nerea Kortajarena, Nerea Lizarralde, Raimundo Mendiburu, Fito Rodriguez (Kontsultetarako Araudiaren prozesuan parte-hartzaileetakoak)