Gari Otamendi

Militantziagatik, kobra ezazu

“Diru zikinik gabe nora joango ginduzkean ba?”, kantatzen zuen Ruper Ordorikak 1985ean.
Imajinatzen duzue etxera etorri den iturginari ez ordaintzea? Edo autokonponketa
ez ordaintzea? Bazkari bat antolatu eta doan hartzen dituzu jatekoak dendan?

Talaiatik Gari Otamendi
Talaiatik Gari Otamendi

Balioaren eta prezioaren arteko diferentzia zehaztea ez da kontu berria. Europa bolada batean astindu zuen Yanis Varoufakis Greziako ekonomiako ministro ohiak ere aipatzen du bere El Minotauro Global liburuan. Erloju bateko piezek, edo ordenadore baten software sofistikatuak ez dute bere horretan baliorik sortzen, ez baditu pertsona batek sortzen eta erabiltzen. Varoufakisen ustez produktu edo zerbitzu baten balioa antzeman dezakegu parean daukagunean, baita definizio arrazional bat eman ezin diogun kasuetan ere.

Euskal dantzarion estereotipo bat da dantzan dugun zurruntasuna. Makinen moduan dantzatzen omen dugu gehinetan, gerririk mugitu ere egin gabe. Momentuz, baina, pertsona izaten segitzen dugu eta, behin bertsolari bati entzun nion moduan, guk ere egunean hiru otordu egiteko ohitura burgesa dugu. Gizarte eta kultur jarduera den neurrian, euskal dantza tradizionalean aritzen den gehiengo nagusia ez da profesionalki dedikatzen dantzara. Esan liteke hori dela bere balio eta aktibo handienetako bat, nahiz eta gehiegitan arreta sorkuntza koreografikoan jartzen segitzen dugun. Nahasmen handia sortzen du horrek, ezin baita arrain baten arrakasta neurtu Saharako desertuan duen bizitzeko gaitasunagatik.

Euskal dantza tradizionalaren zutabe nagusia izan dira azken berrogeita hamar urteetan dantzataldeak. 60ko hamarkadako euskal kulturaren berpizkundearen olatuan sortu edo berrindartu ziren hamarnaka Euskal Herri osoan. Orduko militantziaren parametrotan, inork ez zuen dirurik kobratzen. Hainbat sortzaileren eta egileren dedikazioa eta maila handitu ziren neurrian, ordaintzearen eztabaida berehala sortu zen. Ez da auzi berria. Gezurra dirudien arren, puripurian segitzen du. Ez da beti horrela izan. XX. mende hasiera arte dantzamaisu profesional asko zeuden Euskal Herrian. Sona eta prestigio handia zuten. Hau da, balio handia onartzen zitzaien, eta ondorioz, jornala ordaintzen zieten. Ehun urteren buruan, langabezian dauden gazteek zuzendutako taldeak bat baino gehiago dira.

Kontraesana da gizarteko aktibo bat kudeatzen ari den pertsona baten lehenasuna izatea egunean hiru otordu egitea ziurtatuko ez dion lana. Krisia da aitzakia. Varoufakisek hizki larritan adierazitako atzerako bueltarik gabeko Krisi hori . Euskal dantza tradizionala, ordea, beti dago krisi ekonomikoan. Orain artean nekez sortutako eta mantendutako egiturak biziparaupenaren kinkan bizi dira orain. Euskal dantza tradizionalak jarduera amateur batek izan litzakeen estigma guztiak ditu. Tartean doako lanarekin egitea aurrera. Bihur dezagun ordaintzea ekintza militante bat. Uztar ditzagun kulturgintza eta bidezko merkataritza. Balioa eman diezaiogun gure lanari. Balioa eman diezaiogun, egindako lanari prezioa jarrita.

Profesionalen eta amateurren elkarbizitza funtsezkoa da euskal kulturgintzaren biziraupenean, ezinbesteko kontraesan asko sortzen dituen arren. Dantzari norbanakook badugu horren gainean pedagogia egiteko ardura. Larunbat arratsalde batean dantzari bat eta txistulari bat etxetik atera dira dena delako ekitaldian agurra egiteko, bi minutuko dantza bat. Kotxez joan dira, ordubetezedo, Euskal Herriko peaje garestienak pasata. Txistua, danbolina, eta tentuz lisatutako arropak daramatzate atzeko aldean. Iritsi dira dena delako ekitaldira, eta inork ez daki non dauden aldagelak. Bitartean tokia ikuskatu, eta ekitaldian izan diren aldaketen arabera egokitu dute egin beharrekoa. Ekitaldia atzeratu da. Ordu eta erdi pasa dute bi minutuko agurra egiteko. Beste norbaitek egin zezakeen, baina haiei deitu diete. Errepidean ordubetezedo gidatuta, Euskal Herriko peaje garestienak pasata, itzuli dira etxera. Ezer kobratu gabe. “Diru zikinik gabe nora joango ginduzkean ba?… Horra erantzuna”.