#Info7Agurbira Altsasuko herriari ahotsa eman diogu

Altsasuko gazteen kasuak zauri sakona eragin du euskal jendartean eta Info7 Irratian injustizia honen gertuko jarraipena egin dugu hastapenetik. Horren erakusle da guztia hasi eta hilabate eskasera Altsasun bertan egin genuen irratsaio-berezia, helburu nagusia zuen saioak. Momentuan hainbat hedabidek zabaltzen zuten Altsasuko irudi iluna ezeztatzea. Horregatik, ezin genuen 'Agur Bira' hau borobildu Altsasutik pasa eta protagonistekin hitz egin gabe. Horretarako, herriko plazan elkartu gara, gaur, Gotzon Urrizola eta Antxon Ramirez de Aldarekin, biak Altsasuko Gurasoak.

Audio_placeholder

#Info7Agurbira Altsasuko herriari ahotsa eman diogu

Loading player...
Altsasuko Gurasoak Info7 #AgurBira
Altsasuko Gurasoak Info7 #AgurBira

Pasa den ekainaren 1ean jakinarazi zuen epaia espainiar auzitegiak : 13 urteko espetxe zigorra biri, hamabi urtekoa beste birentzat, 9 urtekoa hiruri eta bi urtekoa bati. Guztiei “kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak” leporatzen dizkiete. Hori gutxi balitz, zigorra samurregia delakoan edo, fiskaltzak helegitea aurkeztua du “terrorismo” delitu baten aurrean gaudela argudiatuz. Ondorioz, eta ezarritako zigorren arabera, Adur Ramirez, Oihan Arnanz eta Jokin Unamunori gutxienez sei urte geratzen zaizkie barrote artean, Iñaki Abadi bost, eta Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxeari lau eta erdi.

Testuinguru honetan, Antxon Ramirez de Aldak argi dio: «laburbilduz nik esango nuke haserre, nekatuta, triste, baina era berean gure seme-alabetaz harro gaudela». Gotzon Urrizolak ere antzeko sentipenak nahasten ditu nola sentitzen diren azaltzerako orduan; «suposatuko duzuen bezala, bi urte pasa dira dagoeneko eta triste eta gaizki gaude... eskerrak inguruan sekulako babesa dugula». Halere, biek nabarmentzen dutenez, azken hilabeteetan egoerak hobera egin du «Zaballara ekarri dituztelako eta orain guztiak elkarrekin daudelako». Orain arte, dispertsatuta eta isolamendu egoeran zeuden zazpi gazteak, FIES erregimenaren pean.

Eta nola kudeatzen da horrelako egoera bat etxean, senideen artean? Galdera hori pausatu diogu biei eta bakoitzak ertz batetik heldu dio. Gotzonek egunerokoa aipatzen du, lana, ikasketak… hori guztia «normaltasunez» egiten saiatzen direla, baina egoera «latza da» eta horregatik, egunerokoan jasotzen dituzten keinu txiki horiek asko eskertzen dituztela gaineratzen du, «herriko bizilagunen begirada horiek, besarkadak...».

Aiton-amonak eta espetxea

Antxonek ordea, aiton-amonak ditu gogoan. Hala adierazten du berak ; «oso gogorra da Adurren aiton-amonei entzutea akaso ez direla bizirik egongo haien bilobak askatasuna berreskuratzen duenean. Hori entzutea oso gogorra da». Hari berdinetik tiraka, Gotzonek ere dio gurasoek gaizki pasatzen dutela, baina aiton-amonen egoera bereziki kezkagarria dela. Hori bai, Gotzonen hitzetan «gure kasuan, aititxe ta amomak euren iloba bisitzen dute espetxean eta egia esan, bera bisitatu ostean irmo eta fuerte irteten dira espetxetik euren bilobak, Aratzek, trasmititzen dien indarrari esker”.

Barrote artean dagoenak beraz, indarra ematen dio berez aske denari. Paradoxa dirudien horri buruz galdetuta, Antxonek dio «bitxia» dela, baina aldi berean «politta» eta argi dio; «gure semeak trasmititzen digun indar hori harrotasunez leku guztietara eramaten dugu».

Pilak kargatzeko, elkartasuna


Altsasuko gazteen kasuak izan duen oihartzuna ez da Euskal Herrira soilik mugatzen eta elkartasuna ere, gure mugetatik haratago iristen da Altsasuraino. Hala ere, badira bereziki ikusgarriak izan diren elkartasun erakustaldiak eta horietako bat da, pasa den ekainaren 16ean Iruñeko kaleak jendez lepo bete zituen manifestazioa.


Horri buruz galdetuta, Gotzonek zera dio ; «Guretzat Iruñeko manifestazio hori ikur bat da eta egia esan, protesta horrek sekulako bultzada eman zigun». Halere, Gotzonek azpimarratzen duen moduan, Altsasuko gazteekiko elkartasun keinuak etengabeak dira bai Alsasun, bai Euskal Herrian eta baita gure mugetatik kanpo ere. Zentzu horretan, Antxonek ere elkartasunaren garrantzia nabarmentzen du, izan ere, «noizean behin pilak deskargatzen zaizkigu, baina ekintza bakoitzarekin, protesta bakoitzarekin… berehala kargatzen zaizkigu».


Altsasuko gazteen kasua eta Info7 Irratia


Injustizia honen gertuko jarraipena egin genuen hasieratik Info7 Irratian eta horren adibide, guztia hasi eta hilabate eskasera Altsasun bertan egin genuen irratsaio-berezia. Zehazki, 2016ko azaroaren 25ean Kalegorrian berezia egin genuen Nafarroako herri honetan eta goiz osoan zehar, Altsasuko Gurasoekin hitz egiteaz gain, herriko eragile desberdinak elkarriztatu genituen. Ondorengo loturan, saio berezi horretan Altsasuko Senideekin egindako elkarrizketa duzue entzungai:

Epaiketaren jarraipen berezia


Horrez gain, Info7 Irratian ere Altsasuko gazteen konrako epaiketeren jarraipen berezia egin genuen. Gauero, egunak emandakoaren laburpena egin zigun GARA egunkariko Martxelo Diaz kazetariak 'Gakoa' magazinean. Hemen lehen eguneko kronika:



Atxiloketen eguna


2018ko ekaineren 5eko goizean berriz, guardia zibilez bete zen Altsasu. Egun horretan hain justu, Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasu auziaren epaian zigortu eta oraindik aske ziren gazteak atxilotu zituen Guardia Zibilak, epailearen hitzetan "gazteek ihes egiteko arriskuagatik". Egun horretan bertan Altsasuko Gurasoak taldeko Bel Pozuetak eman zigun albistearen berri: «Se los han llevado» esan zuen Pozuetak.