Badator Karelean udako magazina

Uztailaren 16an hasiko da aurten 'Karelean' udako magazina, Jon Mikel Fernandezek eta Maite Bidartek aurkeztuko dute eta ohiko ordutegia izanen du, goizeko 10:00etatik 12:00tara. Gaurkotasuna jarraitzeaz gain, herriz herri ibiliko dira, uda eta opor usaina duten kontuek hartuko dute protagonismoa.

Jon Mikel Fernandez eta Maite Bidarte
Jon Mikel Fernandez eta Maite Bidarte

Hainbat kolaboratzaile batuko dira aurten Kareleanera. Teknologia berrien inguruan arituko da Asier Errasti eta sukalde kontuak ekarriko dizkigu Aratz jatetxeko Xabier Zabaletak. Euskal Herriko itsas ondarea ezagutuko dugu Donostiako Untzi Museoko Aitor Buitronen konpainian eta atzera begira jarriko gara Martin Garitanorekin ere 'Gogoratzen uda hartakoaz' tartean. Kanpora begira ere arituko gara noski, Askapenak antolatutako 2018ko brigadetaz arituko zaigu Iraitz Gesalaga, eta atzerrian bizi diren euskaldunekin ere izanen gara.