Memoria historikoaren aldeko Kattin Ttiki Oiartzungo elkarteko Mikel Mendizabalek kontatu digunez, "gerraren amaierak, atxiloketa masiboak ekarri zituen berriz ere. Presoen kopurua hazi egin zen, espetxe eta kontzentrazio-esparruek gainezka egin zuten". Hauetako asko kondenak betetzera bortxazko lanetara eraman zituzten. Gerrak eragindako hondamendia konpontzeko, ejertzitoak behar zituen azpiegiturak eraikitzeko eta enpresari konplizeen beharrak asetzeko, fusilaketak, zigorrak eta heriotz mehatxuak jasan behar izan zituzten. Espainian 550 Langile Batailoi sortu ziren. Hoietatik 60 baino gehiago, Euskal Herrian. Oarsoaldean 18 batailoi antolatu ziren. Lau urtean zehar 12.500 pertsona aritu ziren gatibu lanetan errepideak eta gotorlekuak eraikitzen.