10 urte bete ditu Info7 Irratiak

Dizdira gehiago eta gutxiago egiten duten gertakariak bizitzen, entzuten, ikusten ditugu egunero. Ordena iraunarazten duten ahotsak daude eta ordena iraultzen dutenak. Bozgorailu handiagoak dituzte batzuek eta txikiagoak besteek. Azken horiek ere badute zer esana eta merezi du esaten dutena entzuteak. Merezi dute entzunak izatea. Horretarako jartzen diegu bozgorailua. Horregatik gaude kontatzeko. Horregatik da entzuteko modukoa. Entzutekoa da, kontatzeko gaude.

10 urte betetzen ditu Info7 Irratiak eta ospatu nahi dugu.



Ez da erreza testuinguru honetan hedabide batek 10 urte betetzea. Krisi ekonomikoa, informazioa kontsumitzeko ereduen aldaketa, jazarpena, teknologia berriek ekarritako sakoneko aldaketak… Horregatik ospatzeko moduko momentua da honakoa.

10. urteurren honekin gure ibilbidean mugarri bat jarri nahi dugu. 2016 urtean ekimen eta ekitaldi ezberdinak burutuko ditugu. Urte osoan ospatuko dugu, beraz, gure urteurrena. Donostia eta Urruñako estudioetatik zein kaletik egingo ditugun saio bereziekin. Kale Gorrian ibiltaria izango da aurten. Urteurrenak ere doinu berezia izango du (bidean da urteurreneko kantua)… Aurrera begira arituko gara hausnarketa eginez. Baina batez ere, ospatu egingo dugu. Bazkideekin, entzuleekin.. zuekin ospatu nahi dugu gure 10. urteurrena!


Hedabide herritarra gara, herritarren bultzadaz sortu ginen eta herritarren ekarpen eta laguntzari esker egiten dugu aurrera. Gure komunitateari esker egiten dugu aurrera.

2.000 bazkide baino gehiago eta bazkide izan baina arrazoi ezberdinengatik laguntzen jarraitu ezin izan duten ehundaka eta ehundaka herritar, tematika askotariko saioak bolondreski egiten dituzten lagunak, Kale Gorrian bezalako magazinetan parte hartzen duten kolaboratzaile ezberdinak, herri ezberdinetan ditugun laguntzaileak… denek osatzen dute gure komunitatea. Denok gara Info7 Irratia.

Horregatik, gure komunitatearekin duela 10 urte hartu genituen konpromezuak berritzeko momentua ere iritsi dela uste dugu. Jendarteari, eta bereziki, gure komunitateari egiten diogun ekarpena balioan jarri nahi dugu.

Info7 irratia testuinguru konkretu batean jaio zen eta helburu handiak jarri genizkion gure buruari.

Irrati nazionala da Info7 irratia. Kazetaritza independientea egiten dugu. Ez diogu inori ezer zor, gure komunitateari soilik. Informazioa eta analisia ardatz duen irrati eredua da gurea. Euskal Herrian gertatzen dena jakinarazi eta horren irakurketa egiten duena. Munduan gertatzen dena Euskal Herriko ikuspuntutik lantzen dugu. Hitza ematen diogu herri mugimenduari. Eztabaida politiko nahiz sozialean gure ekarpena egiten dugu egunero, analisi eta ikuspegi ezberdinak gure komunitatearen esku jarriz. Irrati kate espainol eta frantsesen esku zegoen dialean ahots berri bat martxan jarri  genuen dela 10 urte, eta dialaren aniztasunari ekarpena egin diogu.

Helburu hauek hein handi batean bete ditugula esan dezakegu. 10 urteko ibilbide emankorra izan da.

Interneten jaio eta FMra jauzi egin genuen. Gaur egun hirigune nagusietan FM bide entzun daiteke Info7 Irratia. Teknologia berrietan oinarritutako proiektua izan gara hasiera hasieratik. Azken urteetako garapenaren adibide dira info7.eus web gune berritua (irailan aurkeztu genuena) eta gailu mugikorretan irratia entzuteko garatu dugun aplikazioa.

Lan talde profesional sendoa daukagu, esperientziaduna eta proiektuarekin konprometitua.

Gure herriko gertakari nagusiak bertatik bertara kontatu ditugu:  zuzenean kontatu genuen SORTUren legalizazioa, edo berriki Nafarroako Gobernu aldaketa. Zuzenean langileen borrokak greba orokorretan edo itxialdietan eta etxe gabetzeetan. Zuzenean kontatu genizuen eraiki zen lehendabiziko herri-harresia, zuzenean ari ginen ere Maialen Lujanbiok Euskal Herriko bertsolari txapela jantzi zuenean. Zuzenean eman ere emakume futbol derbiak, euskararen aldeko festak... Info7 Irratia bertan izan da, bertan dago. Behar den tokian eta behar den momentuan.



Baina lan talde profesionalaz gain, Info7 Irratiaren atzean dozenaka kolaboratzaile daude. Urteurren honek ere balio dezala esker mezu bat zabaltzeko. Eguneroko programazioan gai askotariko saioak egiten ditugu. Emakumea, zientzia, gazte ikerlariak, memoria historikoa, reggae, heavy metal edo musika indya... Horiek guztiak ere badira irrati honen aniztasunaren adibide. 10 urte hauetan asko izan dira bolondreski irratsaioa egin dutenak, astero, hamabostero edo hilabetean behin. Epe motzean batzuk, luzaroan beste batzuk. Guztiek jarri dute bere alea Info7 Irratian. Esker hitzak besterik ez ditugu beraientzako. Eta ezin ahantzi Talaiatik tartea, Info7 Irratiko sorrerarekin jaio zen tartea, herritarrei hitza ematea zuen helburu. Eta badira duela hamar urte hasi eta oraindik gurekin jarraitzen dutenak. Fideltasunaren adibide ere, Joxe Landa. Egunero egunero, hutsik egin gabe, hamar urtez eman digu eguraldiaren berri.


Hartutako konpromezuak indartzeaz gain aro berri batean murgildu nahi dugu Info7 irratiaren proiektua.

Baina urteurren hau ez dadila izan atzera begira jartzeko. Baizik eta aurrera begira. Egoera aldatu egin da, adatzen ari da. Teknologia berriek eskeintzen dituzten aukerak biderkatu egin dira, komunikabideen panorama erabat aldatuz. Egoera politikoa aldatu egin da, irauli egin da azken urteotan. Egoera berriari egokitzea da gure erronka.

Gure komunitatearen oinarria zabaldu eta entzule berrietara ireki nahi dugu irratia. Etorkizuneko irratia izan nahi dugu,  baina bereziki etorkizun oparoa duen irratia gara.

Eta noski,  entzutea merezi duten horiek entzuten jarraituko dugu, eta entzutekoak diren horiek kontatzen jarraituko dugu.