Floren Aoiz

Begirada integralak fragmentaziotik haratago

XXI. mendeko gure jendarteak konplexuak dira, ez dira erraz aztertzen eskema mekaniko zaharren  arabera. Fragmentazioa eta indibidualismoa nagusitzen dira eta, tamalez, eragile edota sektore batzuek irensten dute zatiketaren logika, borroka eta eskaeren arteko lehiaketa edo inkomunikazioa bultzatzen dutelarik, zerumuga amankomunak formulatu beharrean.

Audio_placeholder

Begirada integralak fragmentaziotik haratago

Loading player...
Floren Aoiz GAKOA
Floren Aoiz GAKOA

Aniztasunaren ospakizun banalan erori dira batzuk, jendarte ikuspegia baztertuz, maleruski. Taldekeria arrisku handia dugu gure garaietan, eta argi dago zapalkuntzaren olinpiadetatik ez dela egitasmo eraldatzailerik etorriko. Arrazionalitate neoliberalak multikulturalismo hutsala eta identitarismoak irensten ditu eta gauzak honela, lehen mailako erronka da fragmentazioak gainditzeko gai diren egitasmo eraldatzaile integralak eraikitzea. 

Fragmentazioaren logikak kolokan jarri behar ditu pentsamendu kritikoak eta txalogarriak dira hori lortzeko egiten ari diren ahaleginak. Zatiketak baztertzeko xedea oso onuragarria delakoan nago eta, gurean, euskal indepedentismoak beti hartu du aintzat erronka hori, egindako hautuetan asmatu ala ez. Jendartea aldatu da eta artikulazioak era ezberdinetan osatzen dira gaur egun, zailtasun eta oztopo handien gainetik. Horregatik oso berri ona da fragmentazioaren ospakizun akritikoak jomugan jarri izana. 

Baina gauza bat da hori eta beste bat zaharkitutako ereduetara itzuli nahi izatea. Langileria historiak aukeratutako subjektu gisa hartu eta gatazken jerarkizazio estuak inposatzea ez da ideia ona. Beste garaietako ereduekiko nostalgiak ez digu korapilo hauek askatzeko laguntzarik eskainiko. 

Aspaldiko begiradek ez dute gure jendartearen konplexutasunaren ezagutza kritikorako aukera handirik ematen. Tentagarria izan daiteke formula dogmatikoen erantzun borobiletara jotzea, baina bidaia horretarako ez da ahalegin handirik egin behar. Ez ditugu erantzun zaharkituen bidez erantzunen gaurko galderak. Fragmentazioaren erronkei aurre egiteko gakoa ez da langileriaren eginbehar mitifikatuen berreskurapenaren bidez etorriko, ene ustetan. Ezta hainbat borroken deslegitimaziotik ere.  

Zerumuga partekatuak eraikitzeko gaitasunan datza fragmentazioetatik haratago joateko erronka. Zapalkuntzen olinpiadena ezin da bidea izan, baina borroka nortasunak erridikulizatzea ere ez da ideia ona, fragmentazioa hainbat ezkerren porrotaren ondorioa ere badelako. Porrot horien errepikapenak ez du eraldaketa aukera berririk sortaraziko. Iraganetik ikasi beharra dago eta ongi ezagutu behar ditugu gure garaiak, inposatu nahi diguten ereduari alternatiba sendoak aurrejartzeko.  

Aniztasuna eta konplexutasuna tentsio sortzaileak bilakatu behar ditugu. Eraldaketa aukerak eraikitzeko baliatu behar ditugu, elkartasunak eraikiz eta helburuak partekatuz.  

Borroka eta eskaera ezberdinak artikulatzeko aukera handiak gorpuzten ari dira Euskal Herrian. Mobilizazio garai berria lehertzen ari da eta agertoki berrietara pasatzeko erregai bilakatu behar ditugu jendez betetako kaleak. Egiturazko injustizia eta gehiegikeriak agerian jarri behar ditugu, zapalkuntzen konexioak biluztu behar ditugu, ahalegin komunak antolatzeko. Ideien esparruan ere jo beharra dago fragmentazioa eta tribugintzaren kontra, baina gaur egungo ereduez, borondateak artkulatzeko aukerak irekiz, mesianismo melankolikorik gabe.  

Begirada integralak behar ditugu fragmentazioaren logikari herrigintza eta estatugintzaren logika eraldatzaile eta askatzaileaz erantzuteko.