Floren Aoiz
Floren_aoiz_gakoa
Altsasuko gazteak, estatalitatea eta elkarbizitzaren pedagogia

Hasi da Altsasuko gazteen kontrako epaiketa eta, joan den larunbateko manifestazio erraldoiaren ohiartzunak indarrean segitzen duen une honetan, gertaera hauek baliatu nahi ditut errepresioa, mobilizazioak eta estatalitatea uztartzen dituen gogoeta hau zuekin partekatzeko.

Loading player...
16/04/2018 21:00

Tradizioaren arabera non eta Altsasun izendatu zuten bederatzigarren mendean Eneko izeneko gizon bat Iruñeko lehen errege. Aspaldiko kontua dugu hori eta laino artean agertzen dira aipamen historikoak, ziurtasun handirik gabe. Iruñeko erresuma, gerora Nafarroaren izena hartuko zuena, zalantzarik gabeko errealitate historiko luze eta emankorra dugu, edonola ere. Altsasuko zelai hartan izan ala ez, nonbait eman zen garai horietako beste estatuen antzeko zerbait antolatzeko urratsa. Tradizioak, hortaz, Altsasu eta gure estatalitate historikoa lotu ditu, eta hau probestu nahi dut iragana, gaur egun gertatzen dena eta etorkizuna korapilatzeko.  

Ez gaude bederatzigarren mendean, hogeitabatgarrenean baizik eta urrun, oso urrun ikusten dugu erresuma baten ideia. Gure garaiko beharrak beste batzuk dira, baita gure egitasmoak ere. Euskal estatu feministaren ideiatik gertuago kokatuko nuke nik gaur egungo autoantolakuntza nahia erresumaren nostalgiatik baino, esaterako. Estatalitatea da kontua, geure estatua izatea ala beste batzuen estatuen menpe bizitzea, dena den, eta historiak ematen dituen jira horietako baten ondorioz, Altsasu, oraingoan ere, ikur bilakatzen ari da, beste batzuek gurekin egin nahi dutenaren ikur, baita guk egin nahi diguten horrekin egin nahi dugunarena ere.  

Gurekin egiten dutenaz egiten dugunak definitzen gaituela diote batzuek, eta maila batean hala da. Haratago doa gu gure buruaren jabe bilakatzeko asmoa, alta, beti besteek egiten digutenaren menpe ez bizitzeko gogoari baitagokio. Iruditzen zait gogo hori zegoela Iruñeko manifestazio historikoaren atzean. Mobilizazioaren arrakastak Altsasuko gazteekiko injustizia handiaren salaketaz gain, injustizien menpe bizitzeko haserre sakonari erantzuten dio, ene ustetan. Askatasun eta eskubideen urraketa ahalbideratzen dituen salbuespen egoera gainditzeko gogoa atzematen zen Iruñeko kaleetan. Nabarmena zen elkarbizitza bestela eraikitzeko griña, epaitzen ari diren gazte horietako baten amak oholtzatik esan zuenez.  

ETAren jarduera armatua desagertuta, beste aitzakiak baliatzen ari dira, inolako lotsarik gabe, eten ez den errepresioa zilegiztatzeko. Gezurretan ari ziren iraganean eta gezurretan jarraitzen dute orain ere. Gezur eta injustizia horiek haserrea piztu dute, eta ugaltzen ari diren mobilizazioak haserre horren adierazpenak dira, baita beste agertokien aldeko eskaera ere.  

Errepresioaren pedagogia zitala atzematen da Altsasuko gazteen kasuan, haien kontra ez ezik herri oso baten kontra ere erabiltzen ari delarik. Espainiar Erresumak mezu argia bidaltzen digu: guk agintzen dugu zuen gorputzen gainean, gai gara sufrimendu handia zuei sentiarazteko, zuzenean, edo zuen seme-alaba, anai-arreba edo lagunen bidez.  

Errepresioaren pedagogiaren aitzin, bizitza duinaren pedagogia, elkartasunaren pedagogia, askatasunaren eta elkartzaintzaren pedagogia indartu eta garatu behar ditugu, eta Altsasuko gurasoek ikasgai handia eskaini digute honetan.  

Beldurran oinarritzen den pedagogia madarikatu horri elkarbizitza duina eraikitzeko determinazioaz erantzun behar diogu. Jendarte haserrea elkarbizitza esparru burujabearen aldeko indar emankorra bilakatzea ez da erreza, baina argi izan behar dugu errepresioaren kontrako protesta, ezinbestekoa izanik ere, ez dela aski. 

Finean, burujabetzaren pedagogia egin behar dugu, burujabetza derrigorrezkoa baita halako elkarbizitza eraiki ahal izateko. Manifestazioan zeuden asko ez dira euskal soberanistak, ez dira independentistak, ez dute euskal estatu baten beharra beren lehentasunen artean kokatzen, edo ez dira egitasmo horren aldekoak. Zorionekoa da beste elkarbizitza ereduen aldeko indar anitza atzematea, baina, azkenean, besteen estatuan bizi garean bitartean geure prekarietate politikoa nagusituko da, Espainiako Erresuma ez baita gure estatua, Frantziar Errepublika ez den era berean. Bide bakarra dago zepo horretatik ihes egiteko: geure estatua egitea. Errepublika bat behar dugu, gauza hauek gerta ez daitezen. Eta oraingoan ere, Altsasu ikurra dugu, pairatzen ditugun injustizien eta jendartearen aktibazioaren erreferentzia bilakatu baita.