Unai Apaolaza

Parte hartze KONTROLATUA

Jendartearen gorabeherak kontrolpean izatea, gauzen egoera bere horretan mantendu nahi dutenen ametsa da. Horientzat, izate politikoaren oinarria, kudeaketa, hauteskundeak eta alderdi politikoak dira, eta politikaren muga legedia da. Legeditik haratago ez dago politikarik, delinkuentzia soilik.

Audio_placeholder

Parte hartze KONTROLATUA

Loading player...
Unai Apaolaza filosofia irakaslea
Unai Apaolaza filosofia irakaslea

Elite politiko eta ekonomikoek, jendarteari, ikusle papera egokitzen diote, eta zerbait erabakitzen dutela sinestarazteko, elite horiek aukeratutako agendaren erritmora dantzatzen duten performance edo parte hartze kontrolatuak antolatzen dituzte.

Gauzen egoera aldatu nahi dutenek berriz, performance folklorikoetan erori nahi ez badute, parte hartze kontrolatuaren eremuak aprobetxatzeaz gain, parte hartzeko modu ez kontrolatuak sortu behar dituzte. Horregatik, funtsezkoa dute izate politikoa beste modu batera ulertzea. 

Modu askotara azaldu genezake izate politikoa, baina ñabardurak ñabardura, berau ulertzeko bi modu nagusi ditugu: alde batetik momentuko egoera izoztuz, egoera hau betikotu, hau da, politika erabat arautu eta elitizatuz jendartearen parte hartze kontrolatua lortu nahi duena. Eta bestetik, politikaren esparrua zabalduz, jendeari edozer sortzeko askatasuna eman nahi diona. Gauzen egoera aldatu nahi dutenek, izate politikoa bigarren modu horretara ulertu behar dute. 

Alain Badiouren Gertakizunaren ideia, Ernesto Laclau, Chantal Mouffe edo Judith Butlerren Kontingentziarena  eta Miguel Benasayagen Quantumaren ideia, adibidez, posibilitate askatzaileak dituen izate politiko hori azaltzeko bost modu diferente dira. Azken finean, pentsalari horiek, ideia horiekin, izate politikoa aukerez betea eta hein handi batean aurreikus ezina dela adierazi nahi digute.  Hau da, izate politikoaren zati handi bat, sistemarentzat kontrolatu ezina dela eta esparru hori dela, hain zuzen, askapenerako posibilitatea.

Uste dut, edozein mugimendu askatzailek aintzat hartu beharko lukeen izate politikoa ulertzeko modu hori, independentismoan ez dela behar bezainbeste kontutan hartzen. Adierazi nahi dudana hobeto azaltzeko esperientzia pertsonal batetatik habiatuko naiz. 

Auzoan, ezker abertzalean genbiltzanon artean, bagenuen sarri generabilen definizio bat aldian behinka deitzen genituen auzo-batzarrak izendatzeko: asanblea plazeboak. Bertaratzen ginenek nahi genuena esan genezakeen, malaletxea azaleratzen genuen eta zerbait egin genuelakoan, lasaituta, etxera itzultzen ginen. Batzar horiek baina, bazuten denok onartzen genuen “tranpa” bat; eztabaidatu beharrekoa eta ondorioztatu beharrekoa, aurretik erabakita zeuden. Asanblea plazeboak, leherketa kontrolatuak ziren, gutxi batzuek erabakitakoari legitimitate labela ematen zioten esparru kontrolatuak baitzren.

Parte hartze kontrolatuak, iraganeko trintxera-logikan justifikazioa izan zezakeen, gaur egun, berriz, independentismoak duen potentziala mugatu egiten duela uste dut. Hori hobeto ulertzeko, independentismoak, oraindik darabilen herri aktibazioaren ideian erreparatu besterik ez dugu. Herri aktibazioa, alderdi politiko eta erakundeen agendari erabat subordinaturiko mobilizazioekin lortu nahi du independentismoak.   

Mobilizazioak, alderdien agenda indartzeko erabiltzen dira, agenda herritarra indartzeko beharrean. Eta horrek ezinezko bihurtzen du, politika askatzaileak hain beharrezkoa duen kontrolatu gabeko esparru politikoak sortzea. Horregatik, askotan modu kontzientean ez bada ere, gauzen egoera aldatu nahi omen duten alderdiak dira, askapen prozesuek arrakasta izateko behar duten bapatekotasun eta ezustekoari lehenengo lubakia jartzen diotenak.

Alderdi independentistetako elite politikoek, agenda eta edukiak finkatzen dituzte, eta jendartea, gutxi batzuk erabakitako hori legitimatzeko erabiltzen da. Oinarri independentistaren parte hartze politikoa, bi-hiru hilabetean behin Bilbora manifestatzera joan eta 4 urtean behin hautestontzietatik pasatzera mugatzen ari da. Alderdi independentistetako elitearen begietara, oinarri independentista ez da subjektua, objektua da. 

Objektutzat tratatzen duten horiek, oinarri independentistari, ilusionatu egin behar duela esaten diote, modu horretara, gauzak ez funtzionatzearen ardura, oinarri independentistaren gain jarriz. Ilusioa sortzeko, ordea, ontzat ematen duzun estrategiaren subjektu sentitzea ezinbestekoa da.

Independentismoaren parte hartze esparruak kontrolatuak direla esan dut. Eta sortzen diren herri mugimenduak, alderdiei agenda markatu beharrean, alderdien agenda indartzeko erabiltzen dira. Izan zezaketen potentzialtasuna errotik moztuz. Honen adibidea dugu Gure Esku Dagok ekainerako antolatu duen giza katea. Mugimendu herritarraren eta alderdi/erakundeen elkarlana ezinbestekoa du independentismoak, baina gakoa, agenda eta erritmoak nork eta ondorioz non markatzen dituen da. Balizko prozesu bat, Euskal Herriko jendartean autozentratu behar da Gasteizeko eta Iruñeko parlamentuetan beharrean.

Nork erabaki du, ezkerreko subiranismoaren iparra, PNV mugiaraztea dela? Nork erabaki du, oinarri independentistaren iritzi zabalduenaren kontra, marko nagusia parlamentuek behar dutela izan? Nork erabaki du, giza kate bat egin eta Gasteizeko parlamentuan bukatu behar duela? Adibide hauek, parte hartze kontrolatuaren logikaren erakusleetako batzuk direla uste dut. Hau da, gutxi batzuk dena erabaki eta jendea, gutxi horiek erabakitakoa bultzatzeko erabili.

Gaur gaurkoz, parte hartze kontrolatuaren logikak, elite politikoak gidaturiko erresistentzia autonomista fase batera garamatzala uste dut. Ondorioz, parte hartze kontrolatua, independentista berririk ez sortzeaz gain, oinarri independentistaren desaktibazio progresiboa ekartzen ari dela uste dut. Independentismoaren esperantza, elite politikoek kontrolatzen ez dituzten esparruetan ere, aurreikusten ez diren bideak sortzeko gaitasuna edukitzean dago; hau da, Politika herritarra egitean.