Xabier Landabidea

Ahozkotasun eta idatzizkotasun berriak euskararentzat?

Gaurko "Eguneko Gakoa" irrati-tartean Xabier Landabidearen ekarpena jaso dugu. Komunikazioaren esparruan aritua eta aditua, hamabostean behin izango da gurean Landabidea. Bere estreinekoan, azken boladan euskara batuaren eta euskalkien harira sortu den eztabaidari heldu dio Landabideeak eta galdera interesgarria luzatu digu: "Ahozkotasun eta idatzizkotasun berriak euskararentzat?"

Audio_placeholder

Ahozkotasun eta idatzizkotasun berriak euskararentzat?

Loading player...
Xabier Landabidea.
Xabier Landabidea.

Mende erdia betetzera doa batua edo batuera bezala ezagutzen dugun euskara estandarra, edo batua deitzen diogun euskara horren eredua behintzat. 

Zaila da oso hizkuntzei urtebetetze datak jartzea, eta ospakizun honek ere ekarriko du ziurrenez eztabaidarik, kritikarik, polemikarik. Berrogeita hamar urte aldi berean baita urte piloa eta oso denbora gutxi. 

Orduan egon ziren eztabaida eta polemiketarik asko itzuli egiten zaizkigu, ziklikoki, mamu bezala, ondo itxi gabeko zauriak edo lurperatu gabeko gorpuen arima errariak bailiran. Etengabeko itzulerara kondenatutako “gure gaiak”, badakizue. 

Duela gutxi futbolari baten agurra dela eta etorri da azken hika-mika. Espainol estandar garbian idatzi du mezua, baina euskalki informalean, ahozko idatzian bestea. Eta itzuli egin zaizkigu gure mamuak. Gure gaiak. Gure minak. Gure zauriak. 

2018ko tresna digitalak baliatu ditugu ondo ebatzi gabeko gure auziei berriro ere heltzeko, eta konturatu orduko berriro trabatu gara gure lubakietan, gure suminduretan. 

Urte hauetan irabazi eta galdutakoaren kontabilitate subjektiboak aurkeztu ditugu, hizkuntzaren normalizazioa, adierazkortasuna, erregistroa, plastikotasuna eta erreferentzialtasunaren inguruan sutsuki eztabaidatuz edo hobe beharraren izenean isiltzea erabakiz. Baina hor agertu zaizkigu gure konplexuak eta gure konplejoak, ageri-agerian. 

Isildu edo esan, hor ibili gara, ezin asmatuan nola adierazi, nola helarazi, nola eman forma bizi izan denari eta ez denari. Eta esan eta isildu horiek hein handi batean ez dira ahozkoak izan, idatzizkoak baizik. Twitter bidez eta Facebook bidez eta Telegram bidez eta Whatsapp bidez izan dira asko eta asko. Tekleatu egin ditugu beste garai batetan aurpegira edo bizkarrera, ozen edo isilpean, biraoka edo tentuz ahoz esango edo isilduko genituen zenbait gauza. Eta idatzita gelditu dira ordutik. 

Eta horrek zalantza bat erein dit, euskalkiak eta batua, etxekoa eta estandarra, informala eta alfabetatuaren inguruan eztabaidan genbiltzala. 

Izan ere, duela mende erdi Arantzazuko santutegi batean gizon zuri heldu koadrila bat euskarari etorkizun berri bat marrazteko batu zen hura beste mundu bat iruditzen zait. Zuri beltzezko mundu bat, gure herriaren historiaren diapositiba monokromoa bailitzan. Hortik ere bagatoz noski, baina ez gara hori bakarrik jada. 

Inguruan asko entzuten dut gazteek geroz eta gutxiago irakurtzen dutela, baina nik geroz eta jende gehiago ikusten dut igogailuari edo semaforoari itxaroteko bost segundu horietan sakelekotik letraz betetako pantailak ateratzen. Nire hiriaren kale neurketetan %3 ingurukoa omen da euskararen erabilera, baina nire eguneroko linguistikoan etengabe gurutzatzen zait euskara audioz, bideoz eta idatziz. 

Eta ulertzen ditut berriro ere alfabetatzearen eta estandarraren desiragarritasunaren eta etxeko/herriko euskararen naturaltasunaren ingurura eztabaidatzera ekarri gaituzten arrazoiak, eta uste dut heldu egin behar diegula.  

Baina zalantza sortzen dit 68 edo 72ko zuri beltzezko argazki horiek hartu ziren mundutik pentsatu ote behar ote ditugun euskararen erregistro formal eta informalak, ahozkotasunak eta idatzizkotasunak, berrogeita hamar urte hauetan komunikazioarentzat eta hizkuntzentzat horrenbeste gauza aldatu zaizkigun honetan. 

Zer da ahozkoa eta zer da idatzizkoa gaur egun, aro digitalean orduan? 

Iruditzen zait galdera horri denon artean eta orain, gure garaitik erantzun behako geniokeela. Erantzunak ez daudela duela 50 edo duela 500 urte hartutako erabakien asmatze edo hanka sartzeetan. Euskarak funtzio sozialak galdu eta irabazi ditu urte hauetan, hiztunak galdu eta irabazi dituen bezala.  

Louis Lucien Bonapartek ez zuen interneteko euskara bere mapetan sartu, ez baitzuen ezagutu. Lan hori guri dagokigu, lan hori hartu nahi badugu. Baina agian gure gaurko parametroak birpentsatzen asmatu beharko genuke, baliagarriak zaizkigun kategoriak berrerabiliz eta beste batzuekin konposta eginez, hizkuntzak zera bizia baitira, eta baita haien arazoak ere. 

Ahozko eta idatzizko euskara izango da… guk harekin egiten duguna, baita aro digitalean ere.  

Ausar gaitezen anbizioz pentsatzen euskararen orainaldia, gure ekinez eta ezinez etengabe eraldatzen ari baikara euskararen etorkizuna.