amagoia mujika
IRITZIA

Jenialtasuna

Bost urteko neskatoek, artean, pentsatzen dute bikainak izan daitezkeela, jenialak eta apartekoak izan daitezkeela. Bost urteko neskato batek amets egin dezake superheroi bat izango dela, oraindik sinisten duelako hegan egin dezakeela berak nahi adina. Baina, sei urte betetzen dituenerako eroriko zaizkio hegoak. Ordurako pentsatuko du jenialtasuna, bikaintasuna eta hegan egiteko berezko gaitasuna ondoan dituen mutikoek baino ez dutela. Horrelaxe, hain gordin eta hain garbi, jaso du “Science” aldizkari zientifikoak. Gure jendartean bada jenialtasuna gizonezkoekin lotzeko joera eta, horren ondorioz, emakume asko urrundu egiten dira berezko gaitasun horri lotuta dauden lanbide edo jardueretatik. Genero estereotipo horien sustraiak norainokoak ziren jakin nahian esperimentua egin du zientzialari talde batek eta emaitza latza izan da: 6-7 urte bitartean barneratzen dituzte haurrek genero estereotipoak. Kezkatzeko moduko datua da, pertsona baten asmo eta helburuetan karga handia baitira rol horiek.

Zientzialariak ipuin labur bat kontatu zieten bost urteko haurrei. Protagonistaren generoa ez zen zehazten eta detaile bakarra ematen zen: Oso, oso, oso azkarra da. Bost urterekin, neskatoek zein mutikoek proportzio berean lotu zuten protagonista bere generoarekin. Alegia, protagonista neska edo mutila zela esan zutenen kopurua paretsua zen. 6-7 urteko haurrekin ariketa bera egin eta emaitza oso bestelakoa zen: Gero eta neskato gutxiagok pentsatu zuten protagonista neskatoa izan zitekeela.

Esperimentuaren beste ariketa batean, lau haur jarri zizkieten aukeran, bi mutiko eta bi neskato. Horien artean notarik onenak nork ateratzen zituen asmatu behar zuten. Hemen ez zen desberdintasunik sumatzen bost urtekoen eta sei urtekoen artean. Alegia, neskek zein mutilek nota onak atera ditzaketela pentsatzen dute haurrek orokorrean. Baina, «oso, oso, oso azkarrak» direnentzako jolasak eta «asko ahalegintzen» direnentzako jolasak aukeran jarrita, emaitza garbia izan zen: Bost urteko neskatoek mutilek adina aukeratzen dituzte adimenarekin lotutako jolasak. Sei urteko neskatoek, aldiz, gehiago jotzen dute ahaleginarekin lotutako jolasetara.

Kazetaritzari esker jenialtasunak ikututako jende asko ezagutu ahal izan dut gertutik. Asko, gizonezkoak. Berdin sortzaileak, berdin enpresariak, bizitzan bide propioak ibili dituztenak. Askotan eta askotan deskubritu dut alboan emakume jenialak dituztela. Askotan emazteak eta askotan lankideak, kasu guztietan bidelagunak. Poz ederra sentitu dut emakume jenial horiek deskubritu ditudalako, eta pena handia munduak ezin izan dituelako deskubritu. Ez da hainbeste emakume horiek galdu dutena. Askoz gehiago da guk haien jenialtasunik gabe galdu duguna.