Oier Gorosabel Larrañaga
Oiergorosabel
Hurrengo bisitarako oparia

Arrazoiren batengatik porlan artean bizitzea egokitu zaionak badaki, burua zurrunbiloan izan arren, kartzela barruko denborak geldiroegi egiten duela aurrera. Nire erronka maiteenetakoa da preso dauden pertsonei txikota botatzea bertako ordu, egun eta urte luzeak osasuna hobetzeko erabil ditzaten. Kartzela osasuna hobetzeko? Adarra jotzen nabilela pentsatuko duzue, agian. Baina ez...

Loading player...
26/04/2017 09:30

Ezaguna da barruan daudenen artean gaixotasunak ugariak direla, eta jende asko dabil larri daudenak ateratzeko borrokan; ongi egindakoa eta beharrezkoa. Baina gaur ez naiz hortaz arituko. Espetxeetako biztanleriari, dimentsio paraleloan bizi diren milioika pertsona horiei laguntzeko, mezu maximalistetatik harantzago joan beharra dago (Espetxeak apurtu! Gaixo larriak kalera! eta abar); arazoa konplikatua baita, eta nolabait esateko asistentzialismoa eta subertsioa nahastu behar dira, gure iraultza idealaren eguna etorri artean preso guztiak bertan hil ez daitezen. Barkatu astakeria, baina horrelaxe da, neurri handi batean. Helburu idealak ongi daude, baina egunerokotasunaren premiak ere ase behar dira.

Kartzelen helburu nagusia jendea giltzapean mantentzea bada ere, teorikoki presoen birgizarteratzea bilatzen da. Gehiago esango nuke: legegileek, politika penitentziarioa diseinatzerako orduan, honekin benetako kezka eta asmo ona dute; asmo hauek zertan geratzen diren... beste kontua da. Gauza jakina da espetxeetan lan egiten dutenak ez direla bere maila intelektual altuarengatik bereizten; beraz, porlan artean ohizkoegiak izaten dira mendekuak, eskarmentu “extrak” eta, azken finean, defentsarik ez duten pertsonen suntsipena. Hau horrela izanik ere, badaude arnas hartzeko atakak: izan barruko errekurtsoekin (gimnasioak, liburutegiak edo presoek kudeatutako beste egiturak) izan kanpoko erakundeen bitartez (elkarte erlijiosoek ondo dakiten modura). Beraz, iraultza globala etortzeko tartetxo bat itxaron beharko dugunez (#IronicModeOn), ezinbestekoa da presoei laguntzeko zirrikitu hauek erabiltzea.

Horretara, laguntzeko eremua ez da bat eta bakarra: kalean, legebiltzarretan zein “sukaldeetan” egin daitezke gauzak. Kartzelan bertan ere bai, noski: tradizio handikoak dira presoen elkartasun sareak, formalak zein informalak, horrelako eremuetan nagusi den bakardadea, egoismoa eta banaketa bertatik bertara hausteko lan egiten dutenak; normalean preso politikoek gidatutakoak badira ere, espetxeko biztanle guztien mesederako izaten direnak.

Hain zuzen ere, Italiako preso anarkista batzuek bultzatutakoa da eskuetara ailegatu berri zaidan argitalpena. Bere xumean (40 pajina eskas ditu), liburuxka honek arnasa bezain garrantzitsuak diren ezagupenak biltzen ditu. Giltzapean egon den edozeinek badaki kartzelako partidarik gogorrena  bakardadean jokatzen dela: presoak norbere buruarekin pasatzen dituen orduetan, alegia. Argitalpen hau presoaren osasunerako erabakiorrak diren une hauek bizitzeko laguntza bikaina da: hurrengo bisitan egin diezaiokegun oparirik onenetakoa.

Liburuxkan agertzen dena laburbilduz, presoen ohizko arazoak deskribatuz hasten da; gero, osasuna mantentzearekin lotuta dauden gaiak laburki aztertzen ditu (higienea, drogak –legalak zein ilegalak-, gaixotasunak...); hurrengo atala elikadurari eskaintzen zaio, beti kartzela barruan dauden baliabideetatik abiatuta; gero, ariketa fisikoari buruz dihardu; ostean, erlaxazioa eta antsietatea lantzen ditu, azken honen kontrola eramate aldera; eta amaitzeko, “higiene mentalari” buruzko aipu laburra, presoari bere burua heztera gonbidatuz.

Hauxe da argitalpenaren erreferentzia: ALGUNOS COMPAÑEROS PRESOS. 2015. Manual de Supervivencia en la Cárcel. Nunatak aldizkaria 40 (separata). Associazione Culturale Rebeldies. Cuneo, Italia.

Eta hementxe, berriz, web bertsioa (eta amaieran, paperean inprimitzeko prestatutako bertsioaren esteka): https://adoquin.org/manual-de-supervivencia-en-la-carcel

 

 

 

INFOS ASSOCIÉES