05/09/2015

Chronique
 
Produktibitatea bulegoan: lana kalitatez egiteko estrategia txikiak

Profesional onak izan arren, egungo langileei egunerokoa planteatzeko moduak huts egiten diela uste du Jose Ignazio Azkue kudeaketa pertsonalean adituak. Produktibitatea lortzea ahalbidetu zein indarra galarazten dituzten ohiturak xehatu ditu EHUko ikastaroetan.

Oihane Larretxea de la Granja
Produktibitatea

Prestaketa lan ezberdinak egin behar izaten dituzte Zubietako Eskolako irakasleek ikasturte hasieran, tutore izateaz gain bestelako ardura batzuk ere izan ditzakete-eta, ikasketa buru kasu

Eskolaren beraren garapenerako beharrezkoak diren funtzioez gain, bestelako lan batzuk ere badituzte Zubietan, hala nola konposta gunea eta baratzea. Gurasoen esku geratzen dira maiz

Sektore eta adin askotariko entzuleak, gizon eta emakume, bertaratu ziren Miramar jauregira iragan asteartean Jose Ignacio Azkue produktibitate pertsonalean aditua den donostiarrak eskainitako EHUko udako ikastarora. Mahai gainean helburu bakarra eta argia, baita anbizio handikoa ere: bulegoko egunerokotasuna kontrolatu eta lanean eraginkortasuna eta produktibitatea lortzeko teknikak ikastea, ondoren praktikan jartzeko.

Bertaratutako lagunei, laurogei inguru, galderak bata bestearen atzetik bota zizkien Azkuek, eta hatza begian sartuko ziela ere ohartarazi zien, hori baita, bere esanetan, lanean ditugun usadio txarrak azalarazteko modua. Zirikatzailea, bai, baina umorez, diskurtso eraikitzailea eta bizia eskaini zuen, entzulea pentsaraztea lortu zuena. «Zuetako zenbatek egiten du lan planifikazio batean oinarrituta? Zuetako zenbatek egiten ditu bost bilera astean? Eta horietatik, zenbat dira benetan beharrezkoak?»… eta abar, eta abar.

Pantaila handian, Ferrari Testarossa baten irudia erakutsi zuen, baina diseinuan arazo bat zuen: gurpilak beharrean, tanke baten oinarria zuen autoak. Hori da, Azkueren aburuz, gaur egungo profesionalei gertatzen zaiena: oso ondo prestatuta daude, lehiakorrak dira, motibatuta daude, baina egunerokoak huts egiten die. Besteak beste, bakoitzak bere lana behar bezala egiteko garaian jasaten dituen etenaldiak aipatu zituen: posta elektronikoa, deiak, beste lankideen solasaldiak…

Posta elektronikoari dagokionez, denbora eskaini zion. Lanerako erreminta izan badela esan zuen, baina bere kudeaketa zuzena garrantzitsua ere badela erantsi zuen. Azkuek berak ez dizkio hamabost minutu baino gehiago eskaintzen –«hots, beti ogibidearen arabera», esan zuen–. «Zuetako zenbatek jasotzen ditu berauekin zer egin ez dakien mezuak? Leihoa itxi eta gerorako utziko duzue askok eta, hori, lana atzeratzea baino ez da. Lana zehaztu egin behar da», aholkatu zuen. Distrakzioak tarteko, langilearen produktibitateak nabarmen egiten du behera. «Ez duzue lan gehiago egin behar, baizik eta kalitate handiagoarekin. Hain justu, produktibitatea lan gutxiago egiteko da», esan zuen.

Eskaini zituen datuen arabera, batez beste, langile batek lan jardunaldiaren %25 mezuak bidaltzen eta erantzuten ematen du. Egunean 56 etenaldi edo distrakzio izaten ditu eta hilean 30 ordu xahutzen ditu probetxurik ez duten bileretan. Bilerei dagokionez, adibidez, «soil-soilik ezinbestekoak diren bileretara joatea» gomendatzen du. «Egun dauden baliabideekin, bilera informatiboen edukia postaz bidal daiteke, norberak hobekien datorkionean kontsulta dezan». Zentzu horretan, errezeloak azaleratu ziren. «Nola esango diogu hori nagusiari?», galdegin zuen parte hartzaile batek. «Nagusiari hitz egin egin behar zaio, gauzak azaldu, zertan ari garen argitu. Eskuartean dugun lana oso garrantzitsua bada, hura bukatzea ezinbestekoa, azaldu argudio objektiboekin». Jakitun zen Azkue langileen gehiengoak ez duela egiten. Horren ordez, muturtuta joaten gara bileretara. «Gehienek sentituko duzue ardura asko dituzuela zuen gain, eta, bestetik, denbora gutxi ardurok betetzeko. Gakoa, edo arazorik handiena –jarraitu zuen–, egin beharreko zereginak zeintzuk diren arrakastaz aukeratzea da».

Lan zerrenda eta erabakien garrantzia

Produktibitatea pertsonala dela eta ez profesionala iritzita, une bakoitzean probetxu handiena ekarriko duen –norberarentzat zein enpresarentzat– zeregina hautatzea garrantzitsua da. Hitz gutxitan esanda: aurrera egiten laguntzen duten zereginak hautatu behar dira.

Horretarako, Azkuek «usadioak» deitu zituenak bereganatu behar dituzte langileek. Lan mardula, aditu donostiarraren esanetan. Burua hustu, egin aurretik pentsatu, perspektiba hartu, arreta osoa jarri eta distrakzioak behar bezala kudeatu –«distrakzioak bonba bat dira produktibitatearentzat»–. Jarrera horiek lan jardunean txertatzea izango da erronka, pixkanaka, presarik gabe, izan ere, «produktibitatearena maratoia da, ez esprinta».

Burua hustu ahal izateko, gogoratzen ditugun betebeharrak orri batean idazten joatea gomendatu zuen Azkuek. Hori da ardurak atontzeko modu eraginkorra, izan ere, askotan, etxean laneko ardurez gogoratzen gara eta alderantziz. «Bulegoan gaude eta, bat-batean, haurrarentzat fardelak ez ditugula erosi gogoratzen dugu. Eta etxean afaria egiten, Luisi ez diogula eskatu digun txostena eman. Hori aldatu beharra dago».

Hobekuntza lortzeko, motibazioa oso garrantzitsua da, aldatzeko aitzakiak alde batera uztea bezainbeste. «Ez dut zertan egin behar, ez da une aproposa, ez dakit noiz egin…». Aldatzeko asmo hutsa ez da nahikoa, ekintzak dira norabidea aldatzen lagunduko dutenak. Eta hots, beste gako bat: pazientzia izatea.

Aldaketarako ibilbide horretan, ohikoak dira hainbat akats. Adibidez, denboraren kudeaketan pentsatzea. «Produktibitateak kalitatearekin du zerikusia, ez kantitatearekin», nabarmendu zuen Azkuek. «Enpresan kalitatez lana egiteagatik gogoratu zaituztete».

Produktibitate faltak, gainera, bere eraginak ditu osasunean eta bizitzan: estresa, frustrazioa, motibazioa galtzea, etsipena… eta «ailegatzen ez garela ikustean, are eta lan gehiago egiten dugu, nekea erantsiz. Ordu estrak, gainera, beste betebehar batzuei kentzen dizkiegu: etxeari, familiari, aisialdiari, zaletasunei…».

Garaiak aldatzearekin batera, lan egiteko modua, eta lanbideak, aldatu egin dira. Gaur egun, lana agerikoa ez dela esan zuen. «Bulegora iritsi eta ez dakigu zein den egun horretan zain dugun lana, eta betebeharrak amaitutzat noiz eman ere ez dugu jakiten. Behin lan batek bere helburuak bete dituenean, amaitutzat eman. Perfekzionismoa produktibitate ezaren iturrietako bat da», uste du.

Erabakiak hartzea ere garrantzitsua da eraginkortasuna lortzeko. Adibidez, onartu gauza gehiago dagoela egiteko denbora baino, eta, beraz, gauza batzuek itxaron egin beharko dutela. Egin inbentarioa betebeharrekin eta egiten joan. Hemen «urgente» deitzen zaien lanetan jarri zuen arreta. «Gehienek ez dute halako premia, ez dira hil ala bizikoak. Ekidin etiketa horiek, estresa sortzen dutelako».

Egin behar diren eginkizunen artean «gako» direnak bereiztea gomendatzen du Azkuek, gure lana hobetuko dutenak lehenestea. Esaterako, irakasle batek bere irakasgaia aberasteko metodologietan pentsatu behar du edo zailtasunak dituen ikaslea nola lagundu –azterketak zuzentzea tramitazio gisa hartzen du–.

Azken oharra: «denbora ez da urrea». Denok ditugu egunean 24 ordu. Bulegoan ez da denbora kudeatzen, lana baizik.