Martxel Toledo

FIFA datatik harago

Trantsizio garaian berragerpena egin zuenetik ona, gizonezkoen futbol selekzioak, bat beste, lagunarteko 32 partidu jokatu ditu. Horietatik 21, Euskal Herrian eta Gabonetako datetan izan dira. Beraz, gurean, oso ohikoa izan da, Gabon jaiak euskal selekzioaren partiduarekin lotzea.  

Audio_placeholder

FIFA datatik harago

Loading player...
Talaiatik Martxel Toledo
Talaiatik Martxel Toledo

Baina aurten Gabonetan ez dugu selekzioaren partidurik izango,  federazioak Jaurlaritzaren aholkuarekin ez antolatzea erabaki duelako, besteak beste, Gabonetako formatua agortua egonda FIFA datetan jokatzea espero duelako.

Badirudi, iaz San Mamesen gertatutako porrotak bultzatu dituela federazioa eta Jaurlaritza erabaki hori hartzera eta nazioartean ofizialki aritu nahi bada,  bide berri bat ausartagoa izan behar duela onartzera. Bazen garaia!, Hemerotekari begiratu baino ez jakiteko noiztik ari ginen lagunarteko formatu horren ordez beste bat izan behar zuela aldarrikatzen. Beti argi izan dugulako, partidu hori ofizialtasunaren ibilbidean tresna baino ez zuela izan behar eta inoiz ez helburu, federazioak dirua ateratzeko eta Jaurlaritzak kirol politikan aurpegia zuritzeko izan duten bezala. Orain diote, hemendik aurrera, helburua, FIFAk antolatuta jokatzen diren txapelketako datetan jokatzea dela, horrek, aurkari hobeagoak bilatzeko aukera eskaintzeaz gain, nazioartean oihartzun handiagoa lortuko lukeelako.

Gaitzerdi horrela izaten bada baina uste dut, soilik data aldaketarekin hori baino ez dela aldatzen eta berdin jarraituko dugula, ofizialtasunaren  ibilbidea, datatik harago, nazio bakoitzak horretarako duen borondatea eta gaitasunean dagoelako. Eta hor dago gakoa, jakitea borondatea benetakoa ala soilik itxura egiteko keinua baino ez den. Bestela, non gelditzen da San Mameseko porrotaren ondoren  elkarlanean arituko ginela Jaurlaritzak eta federazioak kaleratutako promesa hura?. Haizeak eramandako hitzak baino ez dira. Beste esparru batzuetan ( Kontzertua, Kupoa, AHT eta abar) akordioak gauzatu badira, zergatik ez euskal selekzioaren ofizialtasunean?. Noiz arte itxaro behar dugu horrela?

Aurreko larunbatean emakumezkoen futbol selekzioak Txekiaren aurka Eibarren jokatu zuen partiduan egon nintzen eta bertan ikusitakoak, hausnarketarako ematen du, besteak beste, futbol zelaira gerturatuko zaletu kopuruak agerian uzten duelako ez dela nahikoa partidu bat antolatzea eta sarrerak merke jartzeak, aurretik, selekzioaren partiduak bere osotasunean, herri honentzat duen  garrantzia ez bada lau haizetara zabaltzen. Ondorioak, begi-bistakoak izan ziren, harmailen bi herenak hutsik zeuden.

Horregatik, uste dut ofizialtasuna lortzeko ez dela nahikoa FIFA datetan partiduak antolatzea, hori baino gehiago behar delako, besteak beste, Gobernuaren eta kirol federazioen aldetik borondate eta ausardi gehiago  nazioartean eskaera egiteko. Data aldaketan baino, gakoa, borondate aldaketan dagoelako.