"Ehiztari Beltzaren" kondaira, aldaera handiko mito zaharra

Urruñako idazleak kondaira berezi bat aipatu du. Laborari saratar batek kondatu ondoren, Aurkenerenak "Ihiztari Beltzaz" interesatzea erabaki zuen, datuak eta kondakizunak bilduz. Euskal Herri eta Europa mailako mitoa edo gure lurraldetan azaldu diren hainbat kondakizun aztertu ditu.

Audio_placeholder

"Ehiztari Beltzaren" kondaira, aldaera handiko mito zaharra

Loading player...
Joseba Aurkenerena
Joseba Aurkenerena

Udazkeneko haizeak indarrez ufatzen zuen abenduaren lehen
egunetako horietako batean, Azkaingo ostatu batean nintzela, hainbat
saratarrekin topatu nintzen. Horietako bat ezaguna nuen eta agurtu ondoren
elkarrekin hizketan hasi ginen. Laborariak ziren, ahoan euskara ederra
zutenak. Udazkeneko eguraldiaz mintzatzen ari zirela, hirurogeita bost urte
inguru zituen horietako batek aspaldian ahantzia nuen gaia plazaratu zuen.
Bai lehengoan, etxean ginela apezaren zakurrak aditu genituen, kanpora
atera eta urruntzen ari zen itzal bat ikusi ahal izan nuen. Ihiztari Beltza
zen. Nehork ez zuen fitsik erran. Nik, hasieran, nahasi samar gelditu
banintzen, entzun berria nuena nire oroitzapenetan ongi ezin kokatuz, gero
zertaz ari zen ulertu nuenean, ausardia aterata, galde egin nion. Ainitzetan
ikusi duzia?  -- -eta berak naturaltasun osoz ihardetsi-- - Ainitzetan ikusi ez,
baina aditu bai, ainitzetan!  

    Nik istorio hau nire burutik arras ezabatua nuen. Urteak ziren horretaz
deus entzun edota irakurri gabe nintzela.  Horregatik laborari saratarrak
kontatutakoa ezuste galanta izan zen niretzat. Etxera itzulita, Ihiztari
Beltzaz ezagutzen nituen datuak eta kontakizunak biltze eta antolatzaileari
ekin nion. Hori izan zen Ihiztari Beltzaren itzulera ene gogora.

1.- Mitoa Euskal Herrian.-

    Badirudi mito hau biziki zaharra dela Euskal Herrian, Pirinioaren bi
aldeetan, eta baita Europako beste zenbait eskualdetan ere. Baina noiz eta
non sortu zen? Ihardespenik ez dago. Zaharra dela bai, garai zahar-
zaharretatik datorkigula bai, baina deus gehiagorik ez. Idazle ausart baten
lumatik Paleolito Arotik etor zekigukeela irakurria dut. Idazle horrek
Paleolitoko ihiztari zaharrekin lotzen zuen mito honen sorrera. Agian, nork
daki. Gauza da zabalkunde handiko mito zaharra dela eta horren zaharra
izaki, aldaera ugari dituela.

    Mito honek ihiztari baten irudia dakarkigu gogora, beti ihizean, bere
zakurrekin batera,  dabilen ihiztari amorratua. Euskal Herriko hainbat
tokitan kontakizun zaharra eraldatua izan da, eta jentil izatetik giristino
izatera iragan da. Horrela ihiztari beltz hori apeza dela diote. Behin, ihiztari
handia zen apez hori meza egiten ari zela, erbi bat pasatu zen hurbiletik.
Apezaren zakurrak zaunka eta erbiari segika hasi ziren. Apezak meza
bertan behera utzi eta zakurrekin batera erbiaren gibeletik abiatu zen ziztu
bizian. Orduz geroztik horrela omen dabil, nehoiz harrapatzen ez duen
erbiaren atzetik. Kontakizunak dioenez, horrela, erbia ezin harrapatuz,
ibiliko omen da eternitate guzian.

    Beste bertsio batean erraiten zaigu Ihiztari Beltza ez zela apeza, Salomon
erregea baizik. Ipuin bera da gure luze-zabalean errepikatzen dena baina
izenak dira aldatzen direnak. Gipuzkoako Ataunen  Mateo edo Martin
Txistu deitzen zaio, Zuberoan Salomon erregea edo Errege Salomon
deitzen diote, izen bera aipatzen dute Oiartzunen,  Soraluzen Juanito edo
Joaniko txistularixa, Salomon apaiza edo Priski-Joan Usurbilen, Martin
abade Gesalibarren,… Horretaz gain, Ehiztari edo Ihiztari Beltza eta Apez
edo Apaiz Ehiztaria bezalako izenak gure geografia osoan erabiltzen dira.

2.- Mitoa Europa zabalean.-

    Pirinioaren bi aldeetako herrietan mito hau arras zabaldurik dago.
Gaskoinian Artus Erregea izen zeltaz deitzen dute. Katalunian Comte
Arnau (Arnau kondea) da zabalduen duten izena, baina horretaz gain
honako hauek erabiltzen dituzte: Caçador Negre (Ehiztari Beltza) eta Mal
Caçador. Aragoin Cazataire maldito (Ehiztari madarikatua) eta Roberto El
Diablo (Roberto Deabrua) erraiten zaio.

    Baina bitxia bada ere, erran behar dugu mito hau Pirinioetatik kanpo,
Europako eskualde zabaletan hedaturik dagoela. Europan Ehiza Basatia da
gehien erabiltzen den izena. Izen ezberdinak baina mito bera leku
guztietan, ehiztari mamu bat –edota ehiztari mamuen talde bat- zeruetan
zehar edo zelai eta oihanetatik barna etengabeko ehizan dabilena. Ekaitz
bortitzetan edo haizeak indarrez ufatzen duenean azaltzen omen da gehien-
gehienetan.  Ehiztari multzo horren buruzagi pertsonaia historiko edo
mitologiko ospetsu bat jartzen dute: Teodoriko Handia, Xarloman, Artur
erregea, Valdemar Atterdag errege daniarra, Wuodan jainko germaniarra,
Wuotis Heer jainko suitzarra, Arawn Galesko jainkoa… edo beste
horrelakoren bat. Gogora dezagun euskaldunok ere Salomon errege izena
erabiltzen dugula.

3.- Euskal Herriko hainbat kontakizun.-

Mito honen inguruko kontakizunak ugariak dira euskal herrietan.
Hona hemen Gipuzkoako Tolosan kontatzen dutena:

Aspaldi, apaiz bat bizi omen zen, parrokia bat bere kontu zuena. Eguna
joan eguna etorri, ez zuen zeregin handirik izaten bere elizan; hortaz,
nahiko astia izaten zuen gogoko zaletasunerako: ehizarako, alegia.
Auzotar eta parrokiarrek “Mateo Txistu”; deitzen zioten, haren txakurrak
harrapakin baten bila atera zitezen egiten zizkien txistuak zirela eta.
Herritarrek irribarre eta txutxu-mutxu artean aipatzen zuten apaizaren
zaletasun hori.

Halako egun batean, giza-arimaren ahuleziaren bila ibiltzen den deabrua
azaldu zitzaion Mateo Txisturi, zaldun adeitsu baten itxuran azaldu ere.
Baina apaiza, berehala jabetu zen hain gizon dotorearen benetako
nortasunaz.

-Zer nahi duzu, gaizkile? -Galdetu zion bat-batean, eta deabruak harriturik
erantzun:

-Nik?, ezer ez!

-Orduan, zergatik zaude hemen?

Apaizak txistu egin zien txakurrei, eskopeta hartu eta basoan barrena
deabruaren begi bistatik desagertu zen. Deabrua barregarri geratu
izanaren ustean, mendekua nola hartu pentsatzen eman zituen egun batzuk,
eta azkenean aurkitu zuen mendekurako era egokia.

Igande batean, Mateo Txistu meza erdian zegoenean, erbi zuri batek
muturra sartu zuen sakristiako atetik. Apaizaren zakurrak sakristian
zeuden, eta erbia ikusi zuten bezain laster belarriak altxa eta zaunka bizian
hasi ziren. Apaizak meza eten, eta begirada bat bota zuen sakristiarantz,
iskanbilaren arrazoia jakin nahian. Ezusteko galanta hartu zuen, atean
erbia ikusi zuenean, tente, bere bila joateko deika ari bailitzan.
Apaizak ez zuen luzaroan pentsatu. Meza bertan behera utzi, eliztarrak
txundituta ahozabalik, eskopeta eta txakurrak hartu, eta erbiaren atzetik
abiatu zen.

Geroztik ez zen haren berririk izan. Ez zen inoiz itzuli. Hala ere, harez gero
ugari dira bere txakurrei txistuka. sumatu dutenak, besteek zaunka tristeak
entzun izan dituzte eta zenbait gau garbitan apaiza, txakurrak   eta
erbiaren irudiak antzeman daitezke ilargiaren argitara, beren amaierarik
gabeko joan-etorrian. (www. armaroa.com)

    Oso antzekoak dira Euskal Herri osoan zehar entzun ditzakegun
kontakizunak.  R. Mª Azkuek kontatu zuenez, Olaetan Ihiztari Beltza
Joaniko Txistu izenaz ezagutzen zuten, eta bertan kontatzen zenez, Mari
Urrikaren kusia omen zen. Soraluzen erraiten dutenez erbia ez da egiazko
erbia, deabrua baizik. Kortezubin kontatzen dutenez, apezak ezin izango du
nehoiz gelditu, ezta ogi puska bat eskatzeko ere.

    Biziki berezia da Aezkoan kontatzen dena. Bertako istorioek diotenez,
ekaitz bortitzeko gauetan, haizeak Iratiko zuhaitzak astintzen dituenean,
izpiritu gaiztoek Albreteko Joana III.-aren hilotza arrastaka eramaten omen
dute. Oroit dezagun Joana III.a protestanteen erregina babeslea izan zela,
eta katolikoen erranetan, lamiek eta sorginek eramaten omen dute haren
gorpua Nafarroako erresumaren lurretan barna. Hori omen da haren
bekatuagatik etorri zaion zigor eternala.  

4.- Ondorio gisa.-

Modu     batean edo bestean, Ihiztari Beltzaren mitoaren gibelean bada
arras zabalduta dagoen kontakizun eta sinesmen zaharra, hedadura
handikoa, gainera. Euskaldunok ere gurea egin dugu, eta nortasun berezia
eman diogula erran daiteke. Eliza katolikoaren eskua ere atzeman dezakegu
herrietan aditzen diren kontakizunetan: apez beltza, Salomon erregea,
Joana III.aren zigorra… Badirudi mito zahar horretan, aroz aro eta urtez
urte moldapen eta aldaera franko egin direla. Giristinoek eman diote, antza,
gure artean duen azken itxura. Joana III. gaixoak ez zuen horrelako istorio
itsusirik merezi, jakina.

Istorio hauek ez dira gure artetik nehoiz desagertu, bizi-bizirik iraun dute
baserrietan eta laborarien artean, batez ere. Hirietan aspaldian dago gure
iruditeria kolektibotik desagertuta. Nik ere, arrunt ahantzia nuen, ezabatuta
nuen nire gogoeta magikoetatik. Ustekabean,  laborari saratarrak apezaren
zakurrak aditu dituela kontatu didalarik, nire gogoak gibelera jauzi egin du
eta garai bateko oihartzuna ekarri. Niretzat iraganerako itzulera izan da,
nire haur denboretara egin dudan itzulera, Ihiztari Beltzaren itzulera, azken
finean.