Iñaki Antiguedad
I_akiantiguedad2
Hamaika ikasteko gara!

Hamaika ikasteko gara. Inoiz baino gehiago izan ere. Kataluniako procés hori eskema asko dago apurtzen, ez dakit han baina gurean behintzat bai, eskema asko eta asko. Eta hau kolpea! ustez Euskal Herrikoak ginen burujabetza bidean aurreratuenak! Usteak ustel! Subiranista izan edota ezkertiar izan procés horrek ispiluaren aurrean paratu gaitu, gure orain arteko bideek emandakoa pentsamolde eta behatoki berrituetatik kritikoan aztertzera behartzen gaituela.

Loading player...
2017/11/08 10:30

Gizarte zibila eta gizarte politikoa uztarri berean ari gara han ikusten, kaleak, instituzioak eta boto-ontziak norabide berean ikusi ere, antisistemak instituzioak babesten, bertoko polizia barne! Udalak eta Parlamenta eskutik, zinegotziak eta legebiltzarkideak bezala, eskutik… Errepublikarako bidean. Kontingentzia planak noiznahi, balizko inprobisazioaren atzean inteligentzia sozio-politiko kolektiboa … Bai, aitor dut, hunkitu egiten nau hango prozesu berritzaileak. Hamaika ikasteko garela sentitzen dut!

Hitz ezin hobea darabilte han bidea adierazteko: procés, prozesua. Izan ere, prozesu barik ez da proiektu politikorik, eta gizarte barik sozio-politikorik ere ez. Barneratua dute han hemen oraindik ere barneratzen asko kostatzen ari zaiguna, hots, Errepublikarako bidea berez dela luzea, berez konplexua, eta, hortaz, lasai hartu beharra dagoela, eta zabal hartu ere. Hemen urtetan “negoziazioa” ulertzeko izan dugun eskemaren zamaren arrastoak ez ditugu oraindik guztiz astindu, eta badugu joera gauzak larregi sinpletzera. Eta nago ni hamaika arrazoitako mundu konplexu honetan sinpletzeak ez duela batere laguntzen sinesgarritasuna. Eta prozesua sinesgarri egin behar da, gehiengo soziala horretan sinesteko. Dena ez dago gure esku, Katalunia adibide, baina egin dezagun gure esku dagoena. “Pazientzia, pertseberantzia eta perspektiba” zioen lehengoan Bruselatik presidentak. Halaxe da, han izan edo hemen izan. Ikasteko gara!

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK