Bittor Abasolo
Eleak_talaiatik
1, 4, 12, 78, 155, 365...

Fibonacciren segida bailitzan beste zenbaki hurrenkera asmaezin bat  jarri digute justizia eta ongizate estatuaren izenean. Asmaezina demokratikoa dela esaten duen estatu batean bizi denarentzat izango dela suposatzen dugu. Hala ere eta zoritxarrez, beraien asmakizun  hauek ulertu behar izatera behartu gaituzte askotan, erabiltzen dituzten arau zein kodeak deskodetzen jakiteraino. Saia gaitezen, beraz, hurrengo zenbakia zein den argitzen. Horretarako erabili beharreko logika beraiena da, ez ahaztu. Erantzuteko ahalmena, aldiz, gurea. Prest?

Loading player...
2017/11/06 11:57

1: urtebete pasa beharko du espetxean erreharria txiolariak adierazpen askatasunaren erabilera egiteagatik. Salbuespen legediek terrorismotzat jotzen dituzte elkartasun aldarriak.

4: lau urteko espetxe zigor eskaera bi gazte gasteiztarrei muntai polizial baten ondorioz. Delitua lau edukiontzi erretzea eta gazte izanda momentuan bertatik pasatzea. Indarrean dagoen kode penalak posible egiten du hau.

12: hamabi gazte dira Auzitegi nazionalera deklaratzera joan behar izan duten gazteak, aurreko urtean hainbat eragilek deitutako Errepresioaren Kontrako Manifestazioaren harira. Gertaerak terroristatzat jo zituen ezaguna zaigun Lamela epaileak, lau gazte oreretar ordudanik espetxean mantenduz.

78: 78ko erregimena dugu indarrean. Trantsiziotik gaur egun arte gertatutakoa baimentzen duena, konstituzioa gidaliburu duelarik. Oinarrizko eskubideen urraketak oraindik darrai.

155: 155.a izan da, Espainiako erresuma zaharrak Kataluinako errepublika berriari estatu kolpea emateko erabili duen konstituzioko dekretua. Arrazoia, katalanek beraien eskubide zibil eta politikoen erabilera gauzatzea.

365: 365 egun baino gehiago daramate Oihan, Adur eta  Jokin altsasuarrek espainiako kartzeletan epaiketaren zain. Epailearen izena esan beharrik?

Hurrenkera hauen helburua hurrengo zenbaki zein den jakitea bada ere, argi dugu segida amaitzea dela gure nahia. Beraien logika iraultzen hasi beharko dugu beraz. Has dadila gure jolasa!

 

 

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK