Martxel Toledo
Esanahi handiko detailea

Uztailaren 1ean emango zaio hasiera Alemaniako Düsseldorf herrian Frantziako itzuliaren aurtengo edizioari. Bukaera berriz, uztailaren 23an izango da Pariseko Eliseo hiribidean. Pirinioetan korrituko den mendiko etapa bakarra, uztailaren 13an izango da Pautik Peyreagudes artean eta Tourraren historian, lehen aldiz, ez da tropela Tourmalet mitikotik pasatuko.

Loading player...
2017/06/28 12:20

Ibilbideari dagokionez, lehenik Pirinioak zeharkatuko dituzte eta ondoren Alpeetara iritsiko dira. Lehian, nazioarteko 22 taldek hartuko dute parte eta faborito gisa, azken urteetako irabazlea SKY taldeko Chris Froome azaltzen da.

Inork ez du zalantzan jartzen Tourra dela urtean zehar txirrindularitzan lehiatzen den munduko probarik garrantzitsuena eta prestigio handiena duena. Horregatik, uztaileko lehen hiru asteetan, Tourra izaten da hedabide nagusietan lerro buruak pilatzen edo akaparatzen dituen kirol nagusiena.

Bizpahiru egun baino ez dira gelditzen, aipatu bezala larunbatean hasiko baita aurtengo Tourra eta dagoeneko, parte hartuko duten talde gehienek, eman dute zeintzuk izango diren taldea ordezkatuko duten bederatzi txirrindularien izenak.

Jakingo duzuen bezala, SKY taldeak bere txirrindularien aurkezpena egiteko garaian erabilitako irudiak zalaparta handia sortu duela espainiar hedabide batzuetan eta batik bat sare sozialetan, Mikel Nieve nafarrak eta Mikel Landa arabarrak, bere nazionalitatea irudikatzeko garaian, maillotean ikurrina jarri dutelako.

Irakurritako informazioaren arabera, badirudi, talde batzuk, besteak beste, aipatu SKY taldeak eta baita,TREK- Segafredok ere, txirrindularien nazionalitatea azaltzeko garaian, aukera eskaintzen diotela maillotean zein bizikletan bakoitzak nahi duen ikurra jartzeko. Eta jakina, aipatu bi txirrindulariak euskaldunak izan eta sentitzen diren heinean, aukera hori baliatu dute beraien burua aurkezteko, Markel Irizarrek eta Haimar Zubeldiak, besteak beste, egiten duten bezala.

Beraz, zer dela eta espainiar aldetik hainbesteko zalaparta, aipatu txirrindulariek, nire ikuspegitik behintzat legitimoa izateaz gain, logikoa eta zentzuzkoa den erabakia hartzeagatik? Ez da ba izango, ikurrinak euskaldunentzat ordezkatzen duen sentimendu hori estali eta ezabatu nahi dutelako?

Beraz, beste motibo bat gehiago, hau ere zentzuzkoa, Pirinioetara eta Alpetara gerturatzeko eta euskal ikurrak erabiliz, gure txirrindulariak animatzeaz gain, herri honen identitate propioa aldarrikatzeko. Txirrindulari hauek jarri dute bere partea, ea guk orain keinu txiki horri babesa eta laguntza emateko gaitasuna dugun.

 

 

 

 

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK