Uzuri Aboitiz Hidalgo
Uzuriaboitiz2
Bizitzari gorrotoa adieraztea

Ana arkitekta da. Hala dio berak. Astean 40 orduko lan jarduna dauka, baina inoiz ez ditu 60 ordu baino gutxiago egiten. Inork ez dio horrelakorik agindu. Baina Ana inplikatu egiten da daukan proiektu bakoitzean. Eta proiektuak behar ditu 60 ordu, baita 80 ere. Etxetik ere egiten du lan beraz eta lapikoa borborka dagoen bitartean, planoak marrazten ditu Anak.

Loading player...
2017/06/27 12:10

Ana arkitekta da. Londresera bidaliko dute denboraldi batez. Bizileku berria aukeratzat ikusten du Anak. Ingelesa hobetzeko aprobetxatuko du. Akaso, Unibertsitatean arkitekturako irakasgaia emateri uztea botako du gehien faltan. Abila da klaseak ematen, pasioa jartzen dio azalpen bakoitzari eta bereziki maite du berak aurrera eramandako arkitektura proiektuak aurkeztea. Tira, berak ere badaki, klasean azaltzen dituen proiektu asko eta asko ez direla bereziki mesedegarriak izan gerora herritarrentzat. Ez dira horiek gustukoen izan dituen proiektuak baina erronka bat izan dira pertsonalki.


Ana arkitekta da. Anarentzat arkitektura ez da lanbide bat. Hain zuzen ere, gaur egun lana ez delako zerbait egitea. Lana batez ere zerbait izatea da. Eta Anak bere bizitza osoa jarri du lanean.


 Ana arkitekta da. Anak bere burua bihurtu du proiektu. Izana marka bihurtuta, Ana bere izatearen kudeatzaile, garatzaile eta enpresari bihurtu da. Hartara, Anak ez du diruagatik bakarrik lan egiten, lanak prestigioa eta zentzua ematen dio bere bizitzari.


 Ana arkitekta bada, ni antropologoa banaiz…. Ba al dugu alternatibarik? Lana zerbait egitea zen horretan, erresistentzia ez egitetik etor zitekeen, produkzioa etetzetik. Baina lana zerbait izatea bihurtu den honetan, nola egin greba norbere izateari?


Erraiak ere bahituta ditugun honetan, zer da guretzat Bizitza? Eta ba ahal dauka zentzurik berau aldarrikatzeak? Uste dut luzetara, mesede gutxi egingo digula Bizitza letra larriz eta abstraktuan aldarrikatzeak. Bizitza ihesbide eta konponbide moduan hartzeak.


Bizitza erronka erradikala izatea nahi badugu, akaso baliagarriago zaigu gure eguneroko bizitzetan, miserietan fokua jartzea. Bizitza arrunt, hutsal eta errepikakorretan sentitzen ditugun ondoezetan sakontzea. Eta beraz Bizitzari gorrotoa adieraztea. Bizitza goraipatu ordez, bizitza gorrotatzen hastea eta hor bizi nahia aurkitzea. Ondoeza ezinegon bihurtzea. Ezin egotea. Aztoratzea. Bizitza abstraktuan aldarrikatzetik bizi-nahi izatera salto egitea.


(Bizitzari gorrotoa eta bizi nahiaren ideien garapena Santiago Lopez Petit-en (2003) El infinito y la nada. El querer vivir como desafío liburuan aurki daitezke)

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK