Oier Gorosabel Larrañga
Oiergorosabel
Amonen eskubideak

Udako oporraldia dator, eta honek zorionezko lehen inpresioa ematen badu ere, seme-alabak ditugunok segituan konturatzen gara honen benetako esanahiaz: umeak egun osoan etxean izatea, honek dakarren zoriona eta nekea oso-osorik gure gain hartuta.

Loading player...
2017/06/20 12:20

Batzuk hobeto daramagu, beste batzuk txartoago; baina ez dago protestatzerik: haurrak mundura ekartzea erabaki genuenean jakinaren gainean baikeunden. Halere, egia da denok ez ditugula seme-alabak jagoteko aukera berdinak izaten, batez ere lan kontuak direla eta. Duela 30 urte, nire lagunen etxe gehienetan ama egoten zen egun osoan: horixe zen bere lana, etxekoandrearena alegia, orduko gizartean guztiz arrunta. Gaur egunean, ostera, nekez aurkituko dugu paper hori betetzen duen inor.... duela 30 urteko etxekoandre haiek izan ezik.

Izan ere, gure gizartean emakume gazteak lan merkatuan ondo sartuta daude aspalditik. Askotan gizonak baino baldintza kaskarragoetan, esan beharko da; baina gaur egunean behintzat aukera dute, lehen ez bezala, kalean edo etxean lana egiteko. Halere, kontuz: horrek ez du esan nahi “etxeko zaindari perpetuo” horien falta emakumeei soilik egotzi behar zaienik; izan ere, gizonek ere aukera berbera baitute, kalean lan egin beharrean, etxean geratzeko.

Edonola ere: arazoa hortxe dugu. Modernoak gara, etxetik kanpo lan egiten dugu, baina opor sasoian gure ume bihurriak libre dabiltza, eta inork sekuestratu ez ditzan haien gainean egongo den norbait falta da. Gizartea ere modernotzen doanez, gurasoei gero eta udaleku, aisialdiko talde eta bestelakoen aukera handiagoa eskaintzen die. Baina, halere, ez da nahikoa izaten: gehienetan, gurasoak ez baitira ailegatzen haurrek behar omen duten besteko arreta eta kuidadoak ematera (beste gauza bat da, ea benetan horrenbesteko arreta behar dutenik; baina hori beste eztabaida dugu, oso interesgarria bide batez esanda).

Baina beno: hor gaude, modernoak gu, haurrak non kolokatu ez dakigula. Eta egoera honetan, gehiegitan, batere modernoa ez den soluzioari kolpe egiten zaio: duela 30 urteko etxekoandreei, alegia. Gaur eguneko amonei. Soluzio hau atzeko atetik eta ezkutuan hartzen da gainera, gaur egunean zabaltzen ari diren diskurtso politikoki zuzenei bizkar emanda; familia tradizionaletan bai, bistan da (gehienetan amonaren beraren oniritziarekin); baina baita ere feministatzat eta progresistatzat hartzen diren familia askotan ere.

Izan ere, amona esklaboen arazoari (hortaz ari baikara) ez zaio behar den besteko garrantzia aitortzen; ez instituzioetan, ez familietan, ezta askotan amonen euren artean ere (zoriontsu bizi diren esklaboen kasuak ez baitira batere arraroak izaten). Banakakoak dira bilobak zaintzeaz edo seme-alaben gauzez arduratzeaz kexu diren amonak; badaude, bai; baina oso gutxi dira, eta pertsona xelebretzat hartzen dira. Ez behintzat bere eskubidea aldarrikatzen ari diren emakume burujabetzat.

Bai: ez da bidezkoa bizitzaren zatirik handiena matxismoaren zapatapean egin duzuen emakume horiek, atsedena hartzea tokatzen zaizuenean, seme-alaben arazoen zama hartu behar izatea. Ez behintzat esklabo moduan, zuen osasunaren kaltetan!

 

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK