Martxel Toledo
Martxel_toledo_2
Aldarrikapena ardatz hartuta ekimenez blai!

Azken hamabost egun hauetan,  bi ekimen garrantzitsu antolatu dira Lapurdin.  Lehenengoa,  euskal surflari talde batek bultzatuta, aurreko larunbatean, Miarritzeko hondartza handian, euskaldunak Euskal Herrian, noski baietz! lelopean ordu bateko elkarretaratzea egin baizen eta bertan, Hegoaldeko zein Iparraldeko hainbat eta hainbat surflari eta lagun elkartu ziren, batik bat,  ISA (International Surf Asociation ) antolatuta aste horretan herrialdeen arteko munduko surf txapelketan euskaldunek bere selekzioarekin ofizialki parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Aipatzekoa,  ekimenak  hasieran Frantziako poliziaren debekua jaso arren, gerora onartu eta inongo istilurik gabe giro onean burutu zela.

Loading player...
2017/05/30 13:15

Bigarrena berriz, pasa den larunbatean Hendaiako Ondarraitz errugbi zelaian  euskal preso eta iheslarien alde urtero bertako talde batek antolatzen duen  futbol 7 txapelketa izan zen eta bertan, Euskal Herriko hogeita hamazortzi talde ezberdinek hartu zuten parte. Antolaketa, egun osoko formatuan izanik, giro onean ospatutako bazkariarekin  eta talde ezagunek ondoren eskainitako  kontzertuarekin amaitu zen. Aurtengoa XIV. edizioa izan da.

Eta asteburu honetan ere baditugu beste bi ekimen oso garrantzitsuak. Bat  larunbat honetan hain zuzen,  Leitzan Euskal Mendi Erronka izenburua daraman mendi lasterketa, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko.  Urtero bezala, bertan lehiatzeko, 770 korrikalarik eman dute izena Leitzatik abiatuta Aralar mendikatea zeharkatuz 67 kilometrotako ibilbide neketsua baina zoragarria egiteko. Lasterketa hau antolatzeko, Leitza, Araitz-Betelu, Larrau, Lekunberri eta inguruko 300 bat lagun boluntario gisa elkartzen dira eta  horrek, lasterkariari antolakuntza mailan, seriotasuna eta ziurtasuna ematen dio. Aurtengoa V. edizioa da.

Igandean berriz, Oñatin Lasterbidean izena daraman EUSKAL ERREPRESALIATUEN ESKUBIDEEN ALDEKO NAZIO LASTERKETA lehiatuko da eta bertan, urtero bezala jendetza espero, lehiatzen zein ikusten. Hau ere, bostgarren edizioa da.

Beraz,  egunetik egunera modan jartzen ari den pasotismo ereduaren aurrean,  aipatu ekimen hauek  aldarrikapenaren ikuspegitik duten garrantzia kontuan hartuta, uste dut, guztion laguntza eta babesa merezi dutela. Zentzu horretan eta arlo pertsonalean bada ere, antolatzaileei nire zorion beroenak transmititzeaz gain jarraitu dezatela horrelako ekimen gehiago antolatzen, nire ustetan,  inoiz baino beharrezkoak izateaz gain, besteak beste, militantziaren eredua indartzeko ere balio dutelako. Eta ez da gutxi, dena beharko baitugu.

 

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK