Juanba Berasategi zinegilea hil da

Juanba Berasategi zinegile gipuzkoarra hil da, gaixotasun baten ondorioz. Marrazki bizidunen alorrean aitzindaria izan zen Euskal Herrian. Berea zen, halaber, Euskal Herrian marrazki bizidunetako lehen pelikula luzea, ‘Kalabaza tripontzia’.

2013an Zinemira saria jaso zuen, eta Kalegorrian magazinean egin genion elkarrizketa.

‘Ikuska’ sailean ere parte hartu zuen, 1980an, ‘Euskara galdutako Nafarroa’ dokumentalarekin, herrialde horretan euskararen egoera aztertzen zuena. EKHEk eta GARAk, Euskadiko Filmategiarekin batera, bilduma hori berreskuratu eta digitalizatu zutela-eta iazko abenduaren 1ean Donostian egin zen aurkezpenean izan zen Berasategi, sail horretan parte hartu zuten beste zazpi zuzendarirekin batera.

Berea zen, halaber, Euskal Herrian marrazki bizidunetako lehen pelikula luzea, ‘Kalabaza tripontzia’ (1985). 1991n aurkeztu zuen bigarrena, ‘Ipar haizearen erronka’. ‘Lazkao txiki’ saila, ‘Kukubiltxo’ (1983), ‘Ahmed, Alhambrako printzea’ (1998) eta ‘Alhambrako giltza’ (2003) dira bere filmografiako beste lan batzuk.

Duela aste gutxi bukatu zuen Berasategik bere azken filma, ‘Nur eta herensugearen tenplua’, Toti Martinez de Lezearen liburuan oinarritua. Aurki estreinatzekoa zen.